Urria hasteko, indaba eta eztia
Udazkena bete-betean sartu da feriako eskaintzan, eta garai euritsu eta hotzagoei begira jarri da.
Hika txakolindegiko sukaldarien pozerako, baita zain zeuden bezero askoren pozerako ere, iritsi da azkenik indaba beltza Ordiziako feriara. Iaz baino ia hilabete beranduago hasi du aurten denboraldia hain lekale preziatu honek, eguraldiak hala eraginda. Lekan aurkeztu dute gaur goizean Arantxa Lopetegik, Maria Jesus Oriak eta Jaione Irazustaren postuan zegoen Miren Jauregi amak, eta kiloa 14 eta 15 euro artean jarri dute salgai. Eta saldu, di-da batean saldu dute, gainera.
Hikako Javi Gonzalez, Aimar Ormeño eta Roberto Ruiz izan dira erosleetako batzuk. Miren Jauregiren postuan elkartu dira hiru sukaldariak, eta Villabonako jatetxean mimo handiz prestatzen duten plater horren eske dagoeneko bezeroak hasita daudela esan dute. Ordizian erositakoarekin, udazken honetako lehen platerkadak laster izango dituzte mahai gainean.
Jauregik esan duenez, eta eguraldiak laguntzen badu, aurten indaba uzta ona izango da, «berandu, baina ondo dator, eta ale mardula du, gainera». Hego haizea falta orain, leka eta alea lehortzeko.
Eztia, asko eta aukeran
Eztiak ere hasi du denboraldia ferian, Jon Etxeberriarekin. Urte ona izan omen da aurtengoa, udaberria euritsua izan zelako eta hezetasun handia egon zelako, eta horren ondorioz, produkzio asko eta ezti mota dezente lortu ditu Ataungo erlezain honek. «Momentuz bederatzi ezti mota atera ditut, eta gehiago ere etorriko dira», azaldu du, postuko mahai gainean salgai zituen seiak zerrendatzearekin batera: «betikoak diren udaberriko ezkaia eta erromero eztiak; Nafarroako eskobizo edo apo-belar eta milalore eztiak; Ataungo milalorea; eta iazko gurbitz eztia, Arabakoa».
Kostuak asko igo zaizkion arren, erlezain guztiei bezala, iazkoarekin alderatuta preziorik ez duela ia igo ere azpimarratu du, eta lehen aipatutako ezti mota guztiak horrela jarri ditu salgai: 320 gramoko potea 6 euroan; 500 gramokoa 7,5 euroan, eta kilokoa 14,2 euroan. G
Gainera, 30 mililitroko propoli ontzitxoak ere izan ditu salgai, 10 euroan, eta laster eskainiko ditu baita ere 230 gramoko polen freskoa, 10 euroan, eta 100 gramoko operkulu argizari zatiak, 4 euroan.
Berritasun gehiago
Indaba beltza eta eztia ez dira izan gaurko berritasun bakarrak feria, eta joan den astean hasi zen Natalia Magallanesek kuia mota berri bat aurkeztu du, zidra kuia, aingeru-adats gisa ezagutzen den marmelada edo gozoa prestatzeko erabiltzen dena. Pieza handiak zituen salgai, sei bat kilokoak, bakoitza 3 euroan.
Bestetik, Errezilgo Simon Aizpuruk sagar mota berri bat gehitu du bere eskaintzara, urreztai izenekoa. Kiloa 3 euroan jarri du salgai.
Lore kontuak ere aipatu behar dira, geroz eta handiagoa delako neguko landareen eskaintza. Ziklamenak, azaleak, biolak, txilarrak… denetik dauzkate dagoeneko Iñaki Azanzak eta Maria Dolores Mendizabalek, eta azken honek, baita lore moztuak ere, sortak egiteko: krisantemo sortak 10 euroan, eta arrosa gorriak eta liliumak, bakoitza 4 euroan.
Perretxikoak, ugaritzen
Udazkenean sartuta, perretxikoen eskaintza handitzen doa astetik astera, eta gaur, onddo kilo mordoa ikusi dira Lasaren zein Barcinaren postuetan, ale ederrak tartean. Bien artean 270 kilo onddo eskaini dituzte guztira, eta prezioa, 16 eta 28 euro bitartean jarri dutea.
Bestela, honako eskaintza osatu dute gaurkoan: 55 kilo ziza hori (18-20 euro), 23 kilo niskalo (20-24 euro), 15 kilo gibelurdin (28 euro) eta 11 kilo gorringo (28-35 euro)
Bisitak
Gaurkoa goiz euritsua izan da, eta aurreko astean estreinatutako tokian izan dira gora-behera batzuk saltzaile batzuen artean, aterpe faltagatik. Oraingo feria gunea zeharkatzen duen kalean oinezkoen segurtasuna bermatzeko hesiak ere jarri dituzte, bestetik, eta udaltzaingoak adi-adi daude uneoro ingurune horretan.
Bestetik, badirudi leku aldaketak ez diola momentuz kalte handiegirik egin feriari, eta bezeroak ondo moldatzen ari direla.
Gaurkoan, bisitariak ere jaso ditu D’Elikatuz zentroaren bidez: Basque Culinary Centerreko 14 pertsona, eta Donostiako Axular Lizeoko DBH2ko 60 ikasle.