Gloria Legarre da Legazpiko udal egutegiko iraileko sariduna
Iraileko lehiaketan 112 herritarrek eman dute erantzun zuzena: agorra. Orain urrikoa dago martxan, eta etxe baten izena asmatu behar da.
Gloria Legarre da Legazpiko udal egutegiko lehiaketako azken sariduna, iraileko asmatzaileen arteko zozketan aukeratua izan eta gero. iraileko galderaren erantzuna Agorra zen, eta 112 legazpiarrek asmatu dute. Legarrek herrian gastatzeko 50 euroko saria irabazi du, eta Edurne Matias zinegotziaren eskutik jaso du.
Urriko lehiaketa dago martxan orain, eta soineko dotorez jantzita agertzen diren lau emakumeren argazkiaren batera, atzean dagoen etxearen izena asmatu behar da. Erantzunak www.legazpi.eus webgunean eman behar dira. Asmatzen duten guztien artean, herriko ostalaritzan edo merkataritzan gastatzeko 50 euroko txartela zozkatuko du udalak.