«Gogoarekin eta animatuta gaude denboraldia hasteko»
«Gogotsu» hasiko du 2024-2025 denboraldia Ampo Ordizia errugbi taldeak igandean, 12:00etan Les Abelles taldearen zelaian (Valentzia, Herrialde Katalanak), nahiz eta lehenengo partidarako zazpi baja dituzten taldean.
Aurreko hilabeteetan egindako lanaren emaitzak ikusten hasteko garaia iritsi da.
Bai, prestatzen ari gara. Aurtengo eta hurrengo urteko ahaleginak gogorrak izango dira; zuzenean bi talde jaitsiko dira eta bat igo. Hamar taldeko ligak egin nahi ditu Espainiako federazioak. Ezin dugu larri-larri ibili.
Iazko denboraldian larri ibili zineten, azken momentura arte.
Bai, larri ibili ginen. Mantentzeko esperantza genuen baina momentu batzuetan larri egon ginen. Aurten ezin dugu hori egin. Arrisku handia dago. Gabonetara arteko blokean, sailkapenean goian egon behar dugu. Otsailaren 15ean bukatuko da lehenengo fasea. Etxean jokatuko dugu Barçaren aurka. Ordurako lehenengo bost postuetan egon behar dugu. Hortik aurrera, ahal dena. Guretzat aurten eta hurrengo urtean garrantzitsua da goiko postuetan ibiltzea.
Ohorezko Mailari eustea garrantzitsua da. Behin jaitsiz gero, igotzea zaila delako.
Hego Euskal Herriko talde bakarra gara Ohorezko Mailan. Jaisten direnak berriz igotzea oso zaila da. Hor daude Hernani, Getxo, Gernika… Ekonomikoki ere bai, zaila izaten da. Jaitsiz gero, babesleak, laguntzak… desagertzen dira.
Ardura handiko bi denboraldi dauzkazue aurretik, beraz.
Bai, presio erantsia izango dugu.
Aurkezpenean deia egin zenien erakundeei eta enpresei.
Egia da, ez gaude ondo eta denon beharra daukagu. Kontuan hartu behar dute errugbiko Real Sociedad garela, eta hori ez du inork ikusten. Lehenengo Mailan gaude. Hego Euskal Herriko talde bakarra gara lehenengo mailan. Beraz, mimatu gaitzatela pixka-pixka bat. 20 urte egingo ditugu aurten Lehenengo Mailan. Hainbeste lan egin eta gero, kirol aldetik ondo gaudenean, ekonomikoki herren egin behar dugu? Egin dezagun denon artean! Hego Euskal Herriko proiektu bat da, toki guztietako jokalariak ditugu. Norbanakoek ere lagundu dezakete bazkide eginda.
Hala ere, zailtasunak zailtasun, gogotsu denboraldi berria hasteko?
Bai, gogoarekin eta animatuta. Ikusten dugu talde polita osatu dugula. Beraien artean ere sentsazio onak dauzkate. Baina orain erakutsi egin behar da zelaian.
Zaleen ordua ere bada.
Noski! Altamirara etorri, animatu eta bultza egin dezatela taldea goian egoteko. Jokalarientzat garrantzi handia dauka zaleen babesak.
Kirol aldetik, prestatzaile fisikoa aldatuz hasi zineten.
Bai, Gorka Nuñez etorri da. Ezaguna da guretzat. Oso ondo ari da, benetan. Jokalariak ere oso gustura daude.
Fitxaketak ere egin dituzue. Zer moduz moldatu dira?
Hamar joan dira eta zortzi etorri dira. Ondo egokitu dira denak. Gu gustura gaude eta beraiek ere gustura ikusten ditut denak. Ordiziaren baloreak barneratu dituzte. Hau da, taldea osatzea, familia handi bat izatea, denontzako tokia dagoela ikustea, lagundu egin behar zaiola ezin duenari…
Lehenengo puntuak garrantzitsuak izango dira.
Bai, iazko mamuak atzean utzi, eta aurrera begiratzeko.