Goierri, munduko hizkuntza gutxituen eredu
Garabideren Hizkuntzak Biziberritzeko Formazio Programaren baitan, 18 hizkuntza-aktibista Goierrin daude, bertako ezagutzak eta esperientziak jasotzeko.
Irailaren 20tik, Garabideren Hizkuntzak Biziberritzeko Formazio Programaren baitan, 18 hizkuntza-aktibista Euskal Herrian dira, eta gaur, Goierrira inguratu dira. Goizean, Beasainen izan dira, eta Udalak bere hizkuntza politikaren baitan euskararen alde burutzen dituen ekimen ezberdinen aurkezpena egin die atzerritik iritsitako komunitate ezberdinetako ordezkariei. Leire Artola alkateak egin die harrera egin die. Horrela, euskararen indarberritzean Beasaingo Udalak duen esperientzia partekatzea izan du helburu topaketa honek eta era berean udalerriaren ezaugarri eta ezagutzak azaldu dizkie gonbidatuei.
Hizkuntza biziberritzeko Euskal Herriaren “erresistentzia eta borroka inspirazio iturri” direla adierazi dute munduko herrialde desberdinetako komunitate desberdinetako ordezkariek. “Dudarik gabe, zuen jakinduria guztia eta esperientzia baliagarria izango zaigu gutako bakoitza bere lurraldean gauzatzen ari den borroka sendotzeko”.
Beasaingo udaletxean izan ondoren, Lazkaoko Maizpide barnetegira egin dute bisita, eta arratsaldean, Ataungo Jentilbaratza elkartekoekin elkartuko dira, haien esperientziak ezagutzeko helburuarekin.
Estrategietan formatzea eta saretzea helburu
Hizkuntzak Biziberritzeko Formazio Programa Garabide Kultur Elkartearen hizkuntza lankidetza programa bat da, hizkuntza gutxituak biziberritzen ari diren munduko hainbat komunitatetako ordezkariak hizkuntzak biziberritzeko estrategietan formatzea helburu duena.
Programak bide ematen du, euskaldunok hizkuntza biziberritzeko ezagutzak eta esperientziak, hizkuntza gutxituak biziberritzen diharduten munduko beste komunitateekin partekatzeko.
Programaren lehenengo helburua formazioa da, munduan zehar euren hizkuntza gutxituak biziberritzen dabiltzan erakundeak indartzea eta saretzea. Bide horretan 18 hizkuntza-aktibista formatuko dira hizkuntzak biziberritzeko estrategietan. Horretarako, hain emaitza ona izan duen aurrez aurreko formazio programa burutuko dute Euskal Herrian, eduki teorikoaz gain, euskararen esperientzia zuzen-zuzenean jaso ahal izan dezaten.
Aldi berean, horrelako programa batek euskal komunitatean daukan inpaktua ere oso interesgarria da. Horixe da programa honen bigarren helburua: Euskal jendartea hizkuntza aniztasunaren eta hizkuntza gutxituen egoeraren inguruan sentsibilizatzea. Gainera, gogoeta bultzatzen da euskalgintzaren inguruan eta honek duen eraginean.
Formazio programa urte osoko programa bat da. Halere, irailaren 20tik urriaren 31ra bitartea beste dimentsio bat izango du, 18 hizkuntza-aktibista hauek 6 asteko egonaldia egingo baitute Euskal Herrian.
13 komunitate
Aurtengo edizioan 13 komunitate ezberdinetatik datozen 18 hizkuntza aktibista parte hartzen ari dira. Horietarik gehienak Hego Amerika eta Erdialdeko Amerikatik etorritakoak dira, baina badira baita Afrika eta Asiakoak ere: Kaqchikel bat (Guatemala), hiru Yukatango maia (Mexiko), mixe bat (Mexiko), bi kitxua (Ekuador), ketxua bat (Bolivia), bi guarani (Bolivia eta Argentina), nasa bat (Kolonbia), maputxe bat (Wallmapu-Chile), asheninka bat (Brasil), Haitiko kreoleradun bat (Haiti), bubi bat (Ekuatore Ginea), bi amazigh (Rif-Maroko), eta kurdu bat (Kurdistan-Turkia).