Adimen desgaitasunaz eta kirolaz hitzaldia egingo dute ostegunean, Legazpin
Atzegiko teknikari den Ion Tapiz izango da hizlaria. Kirolaren onurak eta adimen desgaitasuna dutenek kirol probetan egiten duten boluntario lana izango ditu hizpide, besteak beste.
Legazpiko San Silbestre lasterketaren antolatzaileek, udalak eta Atzegi elkarteak antolatuta, Gure txanda da: Adimen desgaitasuna eta kirola izeneko hitzaldia egingo dute ostegunean, hilak 10, Kultur Etxean, 18:30ean. Hizlaria Ion Tapiz Atzegiko teknikaria izango da.
Hitzaldian, kirolak pertsonen ongizatean eta bizitza osasungarrian duen garrantziaz hitz egingo du Tapizek, adimen desgaitasuna dutenengan duen eragin positiboa azpimarratuz. Gainera, Atzegik 2018tik martxan duen Gure txanda da boluntariotza kanpainari buruz ere hitz egingo du. Izan ere, Atzegiko kideek boluntario lanak egiten dituzte kirol proba askotan, tartean Legazpiko San Silbestre lasterketan.