Herritarren ekarpenak bildu nahi ditu Legazpiko Udalak, kiroldegiko gimnasioa berritzeko
Espazioa zabalduko dute, eta makina berriak instalatu. Gainera, ordutegia ere malguagoa izango da. Ekarpenak hilaren 20ra arte egin daitezke.
Legazpiko Udalak Bikuña kiroldegiko gimnasioa berrituko du datozen hilabeteetan, herritarren ekarpenak bilduta. Udalak “espazio zabal eta abegikorragoa” bihurtu nahi du gimnasioa, eta makina berriak instalatu eta ordutegia malgutuko du.
Herritarrek hilaren 20ra arte egin ahal izango dituzte ekarpenak, udalaren webgunean edo kiroldegian bertan. “Prozesu hau datozen hilabeteetan lizitatu ahal izatea espero dugu, eta funtsezkotzat jotzen dugu erabiltzaileen ekarpenak jasotzea, zalantzarik gabe gimnasio hobea diseinatzen lagunduko baitute”. Berritutako gimnasioak sarrera independentea izango du, eta txartel baten bidez erabili ahal izango da, eta 06:00etatik 23:00etara, Eric Galvez alkateak azaldu duenez. Gimnasioa handitzeko igerilekura sartzeko komun eta dutxen egungo eremua erabiliko dute, eta komun egokitu berriak jarriko dituzte korridorean, igerilekuko dutxak dauden lekuan.
Gimnasioa kiroldegiko instalaziorik erabilienetako bat dela gogoratu du Galvezek, eta erantsiko eremu berrian bizikleta estatiko motako makinak jartzea planteatzen dute, beheko espazioa arintzeko; bi eremuak lotzeko eskailerak egingo dituzte. Gainera, makineria ere berrituko dute, eta “honetarako, herritarren ekarpenak garrantzitsuak dira”.
Gimnasioa berritzeko lan honetarako aurrekontua 270.000 eurokoa da, eta obra zibila 3 hilabetetan egingo da.