Ikatzako argazkilariak, saririk sari
Gorka Gomezek eta Gurutze Langarikak sari nagusiak irabazi dituzte Kantabriako Camargo herriko argazki rallyan. Ostiralean banatuko ditu Legazpiko elkarteak Batis Goikoetxea argazki rallykoak eta Legazpi Hiria lehiaketakoak.
Legazpiko Gorka Gomez eta Gurutze Langarika argazkilariek Kantabriako Camargo herriko argarzki rallyko sari nagusiak irabazi dituzte asteburuan. Larunbatean jokatu zen rally honen 33. edizioa, 106 partaiderekin. Aurtengo edizioan Carmagoko eguneroko bizitza islatzen zituzten hiru argazki atera behar zituzten partaideek, eta herriko komertzioetako erakusleihoak zen gai nagusia.
Goizean zehar atera behar zituzten argazkiak, eta eguerdian entregatu ondoren, gauean bertan egin zuten sari banaketa. Gomezek bilduma onenaren saria irabazi zuen, eta Langarikak argazki onenarena.
Argazki rallya eta Legazpi Hiria
Bi argazkilari hauek Ikatza elkarteko kideak dira, eta elkarte honek bere bi lehiaketen sari banaketa egingo du ostiral honetan, urriak 11, 19:00etan, Kultur Etxean.
Ekitaldia hasi aurretik, irailaren 15ean jokatu zen Batis Goikoetxearen omenezko argazki rallyra aurkeztutako lanen proiekzioa egingo da. Bertan, 58 helduk eta 10 gaztek parte hartu zuten, eta honako gai hauen inguruko argazkiak atera behar izan zituzten: urrezko proportzioa, aurkakoak, diagonalak, irribarreak eta bizikletak. Helduen arteko irabazlea Manu Barreiro izan zen, Gorka Gomez bigarena eta Jose Migeul Romero hirugarrena; herriko saria Carlos Mediavillarentzat izan zen.
Legazpi Hiria estatu mailako argazki lehiaketan, berriz, 101 partaide izan dira, eta 298 lan aurkeztu dituzte. Jose Agustin Gurrutxagak irabazi du Spiritual rest lanarekin. Bigarrena Toni Barbany eta Dos ous lana izan dira, eta hirugarrena, Jose Reyes Belzunce Hombre de ciudad argazkiarekin. Heriko saria Gorka Gomezentzat izan da, Kortzu lanagatik. Lan irabazleak eta lehiaketara aurkeztutako lanen aukeraketa ikusgai egongo dira Kultur Etxeko erakusketa aretoan hilaren 25era arte.