Haztegi ikastolak irabazi du Azpeitiko Kilometroak festako erronka
Igande goizean egin zituzten frogetan 21 ikastoletako 340 ikaslek parte hartu zuten.
Haztegi Ikastolako ikasleak garaile izan dira 2024ko KMK Erronkan. Ikastolen arteko lehia igandean jokatu zen, Azpeitian ospatutako Kilometroak festaren baitan.
Guztira 21 ikastoletako 340 ikaslek parte hartu zuten igande goizeko 11:00etatik 13:00ak arte herriko hainbat gunetan prestatutako erronkan, eta legazpiarrak izan ziren onenak antolakuntzak prestaturiko frogetan. Haztegiko arduradunen adierazi dutenez, “talde lana, errespetua eta alaitasuna izan ziren nagusi parte hartzaile guztien artean”, eta bertako ikasleek lehenengo sariarekin itzuli ziren.
Erronkako frogetan ateratako argazkiekin galeria bat osatu dute, eta ikusgai dago hemen.