Indiako genero biolentzia gaia landuko dute Legorretako zineforoan
Urriaren 22an Zineforo bat antolatu du Calculta Ondoan GKEk Legorretan, genero biolentziaren gaia Indian nolakoa den aztertzeko. Indiako Swayam erakundeko Amrita Das gonbidatu dute.
Urriaren 22an, 18:30ean, zineforoa antolatu du Legorretan Calcuta Ondoan GKE 1999an jaiotako Gipuzkoako irabazteko asmorik gabeko erakundeak. Malad vivir o no dokumentala ikusiko dute lehendabizi. “Zailtasunez beteriko testuinguru batean, Indiako emakumeek egoera gainditzeko duten ahalmenari buruzkoa. Indiako emakumeen estrategiez eta gainditzeko gaitasunaz hitz egitea da helburua. Dokumentalak 11 minutu irauten ditu. Ideia da dokumentalaren ostean, jendearen parte hartzea sustatzea, galderak egiteko eta hausnarketa kolektiboa suertatzeko”.
Solaskide berezia gonbidatu dute Legorretara: Indiako Swayam erakundeko Amrita Das Gupta. “23 urte baino gehiagoko esperientzia du Indiako eta Erresuma Batuko giza eskubideen eta emakumeen eskubideen alorrean. Lan handia egin du esparru profesionalean eta pertsonalean indarkeria, abusua eta diskriminazioa jasaten duten jatorri sozioekonomiko, erlijioso eta kultural desberdineko emakumeei laguntzeko. Bere lan-esperientzia askotarikoa da (etxeko indarkeriaren gizarte-langilea, aktibista, fazilitatzailea, ikertzailea, proiektuen kudeatzailea, defendatzailea eta orain Swayam erakundeko zuzendaria); eta horrek, emakumeen eskubideen mugimenduaren eta sektorearen barruan ulermen eta ezagutza sakona eman dio”.
Calcuta Ondoan-ek “laguntza humanitario eta garapenerako proiektuen alde egiten du lan Indiako pertsona eta taldeen sustapen integralerako, betiere gizaki eta herri moduan duten nortasuna eta erlijioa errespetatuz eta giza eskubideak eta genero-berdintasuna bermatuz”.