Lukasaingo proiektu fotovoltaikoa aurkeztuko dute bihar Ordizian
D’Elikatuz zentroan egingo du hitzaldia Hitzar-ek, 18:00etan. 65 kW-eko edukierako eguzki plakak jarriko dituzte behi ustiategian. Urriaren 11n, 16an eta 18an informazio mahaiak jarriko dituzte Ordiziako plazan.
Hitzar Energia Komunitatea sortu zuten 2022an Itsasondon, «energiaren burujabetza lantzeko» helburuarekin. «Gure oinarria herritarron arteko lankidetzan energia sortzeko beste modu batzuk aztertu eta proiektuak aurrera ateratzea da: denon artean sortuko dugun energia gure energia izatea nahi dugulako», diote Hitzarrekoak. Bi urteko parte hartze prozesu baten ondoren sortu zen, «Goierriko komunitateen beharrei erantzuteko, tokiko ekoizpena eta energia kontsumoa sustatzeko».
Orain, Ordiziara zabaldu nahi dute Hitzar, Lukasaingo proiektuarekin. San Joan auzoko Lukasain instalazio fotovoltaikoa Hitzar-ek eskuartean duen bigarren proiektua da, «guztira 65 kW-eko edukiera» izango duena. «Lehen proiektua 2023an jarri genuen abian eta 10kWko edukiera du».
Bihar hitzaldia D’Elikatuzen
Honela, bihar, urriak 9, 18:00etan, Ordiziako D’Elikatuz zentroan, Lukasain proiektuaren inguruko xehetasunak eta Hitzarren etorkizuneko erronkak ezagutzera emango dituzte. «Ekitaldian, Hitzar Kooperatibak San Joan auzoko Lukasainen duen proiektu fotovoltaikoa aurkeztuko dugu, eta herritarrei bertan parte hartzeko aukera zabaldu nahi diegu». Era berean, proiektuan parte hartzearen onurak ere azalduko dituzte. «Egun bizi dugun krisi ekosozialaren testuinguruan, guztion parte-hartzea funtsezkoa da, eta horregatik gonbidatzen zaituztegu gurekin batera proiektua ezagutzera». Hitzaldiaren ondoren, mokadutxoa izango da aukeran. Aldi bereko itzulpen zerbitzua izango da.
Informazio mahaiak
Biharko hitzaldira joan ezin dutenek, urriaren 11n, 16an eta 18an izango dute aukera, Ordiziako plazan informazio mahaiak jarriko baitituzte Hitzarrekoek, «informazioa emateko eta proiektuan parte hartzeko aukera eskaintzeko».
Parte hartzearen onurak:
- Errenta aitorpenean egindako inbertsioaren %15 itzuli.
- Hobaria udalaren OHZn (Ondasun Higiezinen Gaineko Zerga).
- Elektrizitatea sortzean, argindar faktura murriztu.
- Energia iturri tradizionalekiko mendekotasuna gutxitu.