Ordiziako 2025eko ordenantza fiskalak onartuta
Ordiziako Udalak ez ohiko osoko bilkura berezia egin zuen atzo iluntzean. Udalaren esanetan, "landutako zortzi puntuetatik sei, aho batez onartu dira, eta gainontzeko biak, adostasun zabal batekin".
2025eko Ordenantza Fiskalak onartzeko ez-ohiko osoko bilkura egin zuten atzo Ordiziako udaletxean. Dtorren urteko udal tasa eta zergak zenbatekoak izango diren finkatzea izan zen egitekoa. Udalaren esanetan, “landutako zortzi puntuetatik sei, aho batez onartu dira, eta gainontzeko biak, adostasun zabal batekin”.
Orokorrean, %3koa izango tasa gehienen igoera. “Hondakinen kasuan, berriz, %6koa izango da. Igoera hori datozen hiru urteetan progresiboa izatea adostu da, egungo legediak eskatzen duena betetzeko, eta zerbitzu horrek dakartzan gastuei aurre egin ahal izateko”.
Era berean, Ordiziako Udalak “diru-sarreren araberako ordainketa progresiboaren politikari eutsi dio aurten ere. Gainera, hainbat zerbitzutan ez da igoerarik izango: haur-eskola zerbitzuan eta etxez-etxeko zerbitzuetan, adibidez. “Erabiltzaileek ordaindu beharreko kopurua kalkulatzeko erreferentzia LGSa (Langile arteko Gutxieneko Soldata) erabiliko da, hobariak handituz eta ordaindu beharreko kopuruak jaitsiz”.
Gainerakoan, iaz onartu zen hobarien sistema orokorrean ere, “diru-sarrera tarteak LGSaren arabera handituko dira, eta guraso bakarreko familietan, kide bat gehiago zenbatuko da diru-sarreren mugak zehazten dituen taulan. Familia ugarietan ere, lau seme-alabatik gora dituzten familientzat, hobariak lortzeko mugak handitu dira, etxebizitzaren balio katastralean edo ibilgailuen zaldien mugan”.
Behin udalbatzak Ordenantza Fiskalei onarpena emanda, iragarkia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eta udaletxeko iragarki taulan jarriko da, eta herritarren 30 eguneko epea izango dute erreklamazioak egiteko.