Musikoterapia saioak eskainiko ditu Doinua Musika Eskolak
Haurrei eta helduei zuzendutako saioak dira, eta ez da musika jakin behar. Taldekako saioak izango dira, baina bakarkakoak ere egingo dituzte.

Legazpiko Doinua Musika Eskolak zabaldu egin du bere eskaintza, eta musikoterapia saioak ematen hasiko da azarotik aurrera. Musika eskolako arduradunek azaldu dutenez, “diziplina terapeutiko honek musika baliabide bezala erabiltzen du, helburu desberdinak lortzeko asmoarekin; pertsonen osasun fisikoa, emozionala eta mentala hobetzeko”.
Musikoterapia saio hauek eskolako ikasleei ez ezik, herritar guztiei daude zuzenduta , “musikaren sendatzeko ahalmena baliatuz, laguntza berri bat izateko”. Haurrentzako eta helduentzako izango dira, eta taldekakoak. Doinuak bi talde egingo ditu, eta hauek dira ordutegiak: 6-12 bitarteko adinekoentzako, astelehenetan 13:45etk 14:15era; eta 18 urtetik aurrerakoentzako, astelehenetan 11:00etatik 11:45era. Parte hartzeko ez da musika ezagutzarik izan behar. Hala ere, “kontuan izan behar dugu saio hauen helburua ez dela musika ikastea, musika baliabide bezala erabiltzea baizik”. Saioen prezioa 27 eurokoa izango da, pertsonako. Banakako saioak ere eskainiko dituzte.
Interesatuek musika eskolan eska dezakete informazio gehiago.
Musikaren bidez, ongizatea
Musikoterapia “soinuak, erritmoak, melodiak eta harmoniak bezalako elementuak erabiltzen dituen diziplina” dela azaldu dute Doinuako arduradunek, eta “pertsonaren ongizatea sustatzea” duela hleburu. Terapeuta espezializatu baten laguntzaz, hainbat arlo lantzen dira, hala nola, adierazpen emozionala hobetzea, estresa gutxitzea, antsietatea kudeatzea eta gaitasun sozialak garatzea.
“Badakigu musikak eragin sakona duela gure emozioetan, eta horregatik saio hauen bitartez parte hartzaileei beren sentimenduak esploratzeko eta ongizate orokorrean lan egiteko espazio bat eskaintzea nahi dugu”.