Perretxikozaletasunak bizirik dirau Legazpin
Lekanazpi elkarteak antolatutako Asteburu Mikologikoa arrakastatsua izan da. Aurten ere elkartasuna izan da protagonistetako bat, eta Hotz Legazpi elkartearen aldeko 'txanpi solidarioak' saldu dituzte. Ibilbide mikologikoa jendetsua izan da.

Asteburu Mikologikoaren antolatzaileek Legazpin perretxikozaletasuna bizirik dagoela erakutsi dute aurten ere. Ostiralean hasi eta atzora arte, Lekanazpi elkartea, Gorosti mendia eta Azoka inguruan mugitu dira perretxikoak gustuko dituztenak. Azoka izan da topagune nagusia, eta jende ugari elkartu da bertan, Lekanazpi elkarteak antolatutako ohiko jarduerek erakarrita.
Perretxiko erakusketa eta dastaketa, 26 perretxikozale elkartu dituen ibilbide mikologikoa, AiZe taldearen musika emanaldia, haurrentzako eskulanak eta lehiaketak, eta Upelgilearen begia apustuaz gain, elkartasunak ere izan du lekua Asteburu Mikologiko honetan, eta 400 “txanpi solidario” inguru saldu dituzte Hotz Legazpi elkartearentzat. Errefuxiatuen alde lan egiten duen elkarte horrek, gainera, postu bat jarri zuen larunbatean, elkartasun materiala saltzeko.
Ibilbide mikologikoarekin oso gustura geratu dira antolatzaileak, partaidetzaren aldetik, eta partaide horiek erakutsi zuten arreta eta interesarengatik.
Upelgilearen begia eta haurren lehiaketak
Upelgilearen Begia erronkak erantzun bikaina izan du aurten ere. Larunbatean, 4.828 gramo zituen saskiaren pisu asmaketan Alain Comonetes izan zen irabazlea, 4.820 gramo zituela apustua eginda. Igandean, Xabi Nuñezek irabazi zuen: saskiak 3.636 gramo zituen, eta 3.622 gramokoa izan zen bere apustua. Saskian zegoen perretxiko sorta jaso zuten biek saritzat.
Haurrei zuzendutako bi lehiaketa ere egin dira Asteburu Mikologikoan. Perretxiko izenen fitxetan Alaitz Legorburu izan da irabazlea; marrazkietan, Lur Alberdi; perretxiko eskulanetan, Mbarka Manna; eta parte hartzeagatik egin den zozketan, Elene Ariztimuño.