Basogintza, energia eta ura landuko dituzte Olaberriko Astekliman
Larunbatetik urriaren 26ra egitaraua prestatu dute, lau hitzaldirekin.
Klima aldaketari eta energiari eskainitako EAEko Asteklima egitasmoarekin bat egin du Olaberriko Udalak, eta larunbatetik urriaren 27ra bitartean herrian lau hitzaldi emango dituzte. Basogintzari buruzko solasaldi batekin hasiko da egitaraua, etzi. Datorren astean, etxeko energiaren gaia eta urarena ere landuko dituzte.
Aurreneko saioan, etzi goizean, Basogintzan, lurren zaintzarako hitzarmenak hitzaldia egingo dute, erabilera anitzeko eraikin berrian, 11:00etatik 12:30era. Olaberriko Udalak lurren erosketak egin ditu, bertako zuhaitz espezieak aldatu eta natura aldetik lehengoratzeko.
Datorren astean, energiari lotutako bi saio izango dira. Asteartean (urriak 22) Aurreztu dirua eta irabazi osasunean zure etxebizitzan hitzaldia izango da (eraikin berrian, 18:00etan). Ildo horretatik, Gipuzkoako Eraldaketa Energetikorako Bulegoak, Olaberriko Udalarekin elkarlanean, Energia Argitu programaren barruan, etxean energia-eraginkortasuna hobetzeko eta argindarraren faktura murrizteko helburua duen kanpaina antolatu du.
Herritarrek norbere etxeko energia kontsumoa modu pertsonalizatuan diagnostikatu ahal izango dute. Hitzaldian azalduko dute nola, eta etxean neurketak egiteko kit edo maleta bat ere utziko diete interesatuei. Energia-gabeziak, aire ihesak, berokuntza galerak, ur emaria eta instalazioen errendimendua neur daitezke. Kanpainan parte hartu nahi dutenek biharko eman behar dute izena (energiabulegoa@gipuzkoa.eus; 605 757 687; argitu.eus).
Beste bi hitzaldi eta bisita
Energiari buruzko bigarren hitzaldia urriaren 24an da (eraikin berrian, 18:00etan). Etxeko teilatuan energia sortzeko dauden aukerak erakutsiko dituzte.
Azkenik, urriaren 26an Uraren taupadak hitzaldia (11:00) eta herriko eguraldi estaziora bisita egingo dituzte.