Ehunmiletako izen-ematea azaroaren 7an irekiko dute
2025eko uztailaren 11an, 12an eta 13an jokatuko dira trilogia osatzen duten probak.
2025 urteko Ehunmilak, G2Handiak eta Marimurumendi lasterketetako izen emateak azaroaren 7an, arratsaldeko 17:00etan irekiko dituzte. Hala jakinarazi du antolakuntzak gaur bertan. Uztailaren 11an, 12an eta 13an jokatuko dira trilogia osatzen duten probak.
EHM ultra trailaren kasuan, izen-ematea zuzenekoa izango da, hau da, inskripzioa egiten den unean bertan ordaindu beharko da.
G2H eta MMM lasterketen kasuan, hasierako inskripzioa itxaron zerrendan izango da, izena emateko unearen arabera ordenatuta. Zerrenda hori publikoa izango da eta www.ehunmilak.com webgunean kontsultatu ahal izango da. Arratsaldeko 18:00etan, G2Hko lehenengo 550 izen-emateak eta MMMko lehen 350ak izena emateko aukera izango dute. Horretarako, email bat jasoko dute beharrezko argibideekin, eta 72 ordu izango dituzte izen-ematearen ordainketa egiteko, bestela plaza galduko da. Ordainketa eginda dagoenean agertuko da izena emandakoen zerrendara.
Datozen asteetan informazio gehiago zabalduko du antolakuntzak.