Irrati libreen topaketa Ataunen egingo dute
Arrosa sareko irratien urteko eguna zapatuan San Gregorion da. ‘Zebrabidean’ irratsaio berezia eta bazkaria egingo dituzte.
Euskal Herriko irrati txikien eta libreen Arrosa federazioak Ataunen ospatuko du 2024ko Arrosa Eguna. Orain arteko topaketa formatutik aldatuko dute aurten, proba egite aldera, baina izateko arrazoi berberari eutsiko dio: herri, udal edo nazio mailako irratien eta bertako kideen topagune izateari.
San Gregorio auzoan elkartuko dira. Arrosa Sareak ekoizten duen eta astegunetan ematen duten Zebrabidea irratsaio berezia egingo dute, zuzen-zuzenean, Ataun Irratiak –Arrosako kide eta egunaren sustatzaile nagusia– Bikarioetxean daukan estudiotik. Ekhiñe Zapiain ohiko aurkezlea eta Ioar Aizpurua ataundarra ariko dira esatari.
«Lehenengo ordua Ataun Irratiari eskainiko diogu. Martin Aramendi alkateak ere parte hartuko du, tartean. Zapatu honetan bertan aplikatuko dugun berritasun bat aurkeztuko dugu», aurreratu du Ioar Aizpuruak. Bigarren orduan, beste irratietako kideak sartuko dira saioan. Hain zuzen, Ataun Irratia FM uhin bidez ematen hasiko da etzi.
Bazkaria Artadin
Lagun arteko bazkaria egingo dute, gero, Artadi elkartean. 26 lagun daude izena emanda. Arrosa Eguneko saioan, bestetik, bospasei irratik parte hartuko dute. Gaur egun, Arrosa Sarean Euskal Herri osoko 25 irrati daude.