Mozorroa kenduta, Nazarenos del Nortetik Rosie Ruizera
Ibai Lamarkak, Igor Lekuonak, Igor Barrerosek, Igor Martinezek eta Iñaki Puyadenak osatzen dute boskotea. Bihar joko dute Ordiziarrockeko oholtzan.
Talde baten lehenengo aldia ere izango da aurtengo Ordiziarrock: ibilbide luzeko bost musikari ordiziarrek osatutako Rosie Ruiz taldearen estreinaldia izango da ostiralean, 21:30ean. Ibai Lamarka, Igor Lekuona, Igor Barreros, Igor Martinez eta Iñaki Puyadenarentzat, estreinua Ordiziarrock-en izatea «ohorea» da. «Ordiziarrock bezalako eszenatoki bat, inguruan ez daukagu hainbeste urtez iraun duen jaialdirik. Guretzat prestigio bat da, plazer handia da».
Gainera «talde kuttun» batekin joko dute, eta ostiralean, nahi bezala. «Lie Detectors-ekin. Unidad Alavesa ere bai, noski. Guk jotzekotan ostiralean jo nahiko genuke, egunik rockeroena izan da eta beti». Dena den, oholtza bateko lehenengo aldia ez dute, Nazarenos del Norte bertsio taldearen oinordekoak baitira. «Sei ginen, baina orain bost gara», zehaztu dute. Taldearen izena aukeratzeko zerrenda luzea bazuten ere, azkenean, Rosie Ruiz aukeratu dute. «Rosie Ruiz, Bostongo maratoian tranpatan harrapatu zuten korrikalaria da. Askotan barre egin dugun zerbait da».
Dagoeneko 12 kanta sortu dituzte, eta bost grabatu dituzte estudioan. «Zain gaude zer aterako den ikusteko. Estilo desberdinak gustatzen zaizkigu, estilo desberdinak jorratu ditugu, eta azkenean nahasketa bat da, 70eko hamarkadako rock&rollaren ukituarekin. Ikusiko dugu nola geratzen den». Ikusmina piztu dute Ordizian. «Jendea gogoarekin dagoela dirudi, kuriositatearekin, zer egingo ote dugun jakiteko».