Xabier Berasategik Euskaltelen jarraituko du
Bi urterako luzatu dio kontratua Euskadi Fundazioak Olaberriko txirrindulariari.
Xabier Berasategi txirrindulariak (Olaberria, 2000) Euskaltel-Euskadi taldean jarraituko du, txirrindularitza profesionalean. Bi urte gehiago luzatu dio kontratua Fundazioak. Aurten bukatzen zitzaion. 2023an igo zen profesionaletara Berasategi, eta bi denboraldi osatu ditu Euskaltelen. Bikoiztu egingo du ibilbidea, 2026 bukaerara arte.
Denboraldi aipagarria egin du Berasategik aurten. Espainiako Vuelta korritu du, bere aurreneko itzuli handia, eta Europako Txapelketarako hautatu zuten Espainiako selekzioan. “Frantziako klasikoetan oso ondo aritu da, zazpigarren Route Adelien eta bederatzigarren Grand Prix du Morbihanen, eta taldeak aukera eman zion Vueltan; bertan bi top10 sinatu zituen, bederatzigarren Villablinon eta hamargarren Santanderren”, goraipatu du Euskadi Fundazioak Berasategiren lana, kontratu berritzearen prentsa oharrean.
Gustura da olaberritarra luzapenarekin. “Pozgarria da beste bi urtez jarraitzea, oso eroso sentitzen bainaiz etxeko taldean. Gainera, hazten jarraitzeko lekurik aproposena dela uste dut”, esan du.
Profesionaletako orain arteko ibilbidearekin ere asebeteta dago. “Ondo egokitu naiz maila berri honetara, eta garaipenen borrokan egoteko aukera izan dut. Taldeak konfiantza handia erakutsi du nigan, eta munduko lasterketa onenetako batzuetan lehiatu ahal izan naiz”.
2024an, 74 lehiaketa-egun pilatu ditu Berasategik, eta guztira 11.973 kilometro egin ditu. 39 lasterketatan parte hartu du, tartean bost itzulitan: Saudi Arabiako Alula Tourrean, Euskal Herriko Itzulian, Asturiasen, Esloveniako Tourrean eta Espainiako Vueltan.
Korritzeko eragatik, puncheur gisa ikusten du bere burua: errodatzaile ona, aldapa motz eta pikoetako zailtasunetan ahala ateratzen duena. “Ibilbide gora-beheratsuak gustuko ditut, batez ere aldapa motzak eta tenteak dituztenak”. Esprintetan ere erakutsi du indar leherkor hori, Vueltako bi top-10 postuak lekuko.
2025erako, gorantz sumatzen duen garapenarekin jarraitzeko asmoa azaldu du. “Urtero ikusi dut pixkanaka aurrera egiten ari naizela eta helburua horrela jarraitzea da, baita garaipenen borrokan gehiagotan egoteko aukera izatea ere”.