Ordiziara 275 liburuko sorta
Ekimen honen bidez euskarazko, gaztelaniazko eta ingelesezko irakurketa hurbildu nahi zaie Ordiziako 0-3 urteko haurrei. Liburu Baby Klubaren saioak ere egingo dituzte Ordiziako liburutegian.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Lankidetza Departamentuak, Mestiza elkarte artistiko-soziokulturalaren eskutik, Bookstart Euskadi-Gipuzkoa proiektuaren hirugarren edizioari esker, Ordiziak 275 liburu jasoko ditu, 0-3 urteko haurren artean euskarazko, gaztelaniazko eta ingelesezko irakurketa sustatzeko helburuarekin. Orio, Urnieta, Larraul, Alkizak eta Lasarte-Oriak ere bat egin dute egitasmoarekin.
Goizane Alvarez Kultura eta Lankidetzako diputatuak gaur Orion egindako aurkezpenean azpimarratu duenez, «Departamentuak 22.500 euro bideratu ditu proiektu honetara». Era horretan, «irakurtzeko ohitura haur txikiei hurbiltzen zaie modu ludiko eta unibertsalean. Eta horrela, apurka-apurka eta txikitatik hasita, irakurzaletasuna sendotzen da. Irakurrita ezagutza barneratzen da, eta ezagutzak gizarte prestatuagoa, kritikoagoa eta aurreratuagoa bihurtzen gaitu».
Alvarezen esanetan, «guretzat oso garrantzitsua da proiektua hiru hizkuntzetan izatea, horrela publiko gehiago erakar dezakegulako, integrazioa sustatu, bateratu eta proiektua bihurtu guztiontzako zabalik dagoen espazio bat», adierazi du Molinak; pozik dago proiektuaren bilakaerarekin eta azpimarratu du helburua dela «Gipuzkoako eskualde guztietara iristea».
LiburuPacka jaso ahal izateko, Ordiziako 0-3 adin tarteko haurrak dauden etxe guztietan gutun bana jasoko dute, «adieraziz udal liburutegira edo Haurreskolara hurbiltzeko liburuak jasotzera».
Liburu Baby Kluba
Bookstar Euskadi-Gipuzkoa programa osatzeko, irakurketa sustatzeko saioak egingo dituzte, Liburu Baby Kluba izenburupean; «jarduera ludikoa, didaktikoa eta doakoa izango da, helburu duena literatura, musika, artea eta naturarako interesa sustatzea haur txikien eta beren familien artean».
Hala, Liburu Baby Klubaren saioak egun hauetan egingo dira, Ordiziako udal-liburutegian:
- Urriak 24, 17:00
- Azaroak 7, 10:30
- Azaroak 21, 17:00
- Abenduak 5, 10:30
- Abenduak 12, 17:00
Bookstart programa
Bookstart programa nazioarteko egitasmo bat da, BookTrust UK-ko Wendy Coolingek (1941-2020) 1992an sortutako programaren ereduan oinarritua. Gaur egun, egitasmo hau 2020an sortu zen EURead irakurzaletasuna sustatzeko Europako partzuergoak sustatzen du. «Irakurzaletasuna ulertzen da egungo gizarte kulturalki anitzean guztiz parte hartzeko aurrebaldintza gisa».
Europako 22 herrialdetako (Alemania, Azerbaijan, Austria, Belgika, Bulgaria, Espainia, Finlandia, Grezia, Hungaria, Irlanda, Italia, Lituania, Malta, Norvegia, Herbehereak, Polonia, Portugal, Erresuma Batua, Txekiar Errepublika, Suitza eta Turkia) irakurzaletasuna sustatzeko 33 erakundek osatzen dute partzuergoa. Mestiza elkarte artistiko-soziokulturala EURead-eko kide da 2018tik. «EURead-ek Bookstart munduan zehar sustatzen duten erakundeen nazioarteko sare bat du (Global Network for Early Years Bookgifting). Programa arrakastaz ezarri da Europan, Amerikan, Asian, Ozeanian eta Afrikan».