Heriotzaren aurrean dauden eskubideen inguruko informazio saioak egingo dituzte Legazpin
Bihar asteartea egingo dute aurkezpena. Udaleko Gizarte Zerbitzuen sailak antolatu ditu. Doan dira, baina izena eman behar da, ostiralera arte, udaletxean.
Hil arte bizi izenburupean, heriotzarren aurrean herritarrek dituzten eskubideei eta hartu daitezkeen erabakiei buruzko saioak antolatu dituzte udaleko Gizarte Zerbitzuek. Bihar asteartea egingo dute aurkezpena Kultur Etxean 17:30ean, eta azaroko lau asteartetan emango dituzte toki eta ordu berean. Doan dira, baina izena eman behar da, ostiralera arte.
Gizarte arloko zinegotzi Nerea Lopez de Herediak eman du saioen berri. Gizarte Zerbitzuetako «apustua» gisa sailkatu ditu, eta «gaurko gizartean heriotzaren gaia naturalizatzeko eta gai horren inguruan herritarrak ahalduntzeko» antolatu dituzte.
Heriotzaren aurrean dauden eskubideak eta erabakiak hartzeko eskumenak jakinaraztea da Hil arte bizi saioen helburua, «laguntzea, norberak har ditzakeen erabakiekin eta eman behar diren pausoekin»
Herritar heldu guztiei zuzendutako saioak dira, «doluan daudenei izan ezik». Horientzat «ez dira egokiak, beste prozesu batean murgilduta daude, eta beste era bateko saioak beharko lituzkete».
Heriotza, gai tabua
Gai hori «erraza ez dela» jakinda antolatu ditu saio horiek udalak, «oraindik kostatu egiten zaigu horretaz hitz egitea, tabu izaten jarraitzen du». Horregatik eman dute pausoa Gizarte Zerbitzuetan, «garrantzitsua delako jakitea heriotzaren aurrean ditugun eskubideak, baditugulako eskubideak». Modu horretara, dauden baliabideak erabiltzea erraztu nahi dute, «askotan ezezagunak direlako». Lopez de Herediak zehaztu du «heriotzaren aurrean erabakiak hartzeko garaian aukera ugari daude, eta horiek ez jakitea kaltegarria izan daiteke. Heriotzari naturaltasuna eman behar diogu, bizitzaren parte delako».
Nere Erkiaga da proiektuaren sortzailea eta berak gidatuko ditu Legazpiko saioak. Tanatologian aditua da, eta esperientzia handia du Hil arte bizi saioetan landuko den gaiaren inguruan taldeak bideratzen eta ezagutza zabaltzen.
Biharko aurkezpenean, saioei buruzko informazio orokorra emango du Erkiagak. Aurrera jarraitu nahi dutenek izena eman beharko dute, udaletxean edo 943 73 70 30 zenbakian.