Kulturen Arteko Egun "zoragarria" ospatu zuten Legazpin
Larunbateko festarekin oso pozik geratu dira antolatzaileak, batez ere herriaren erantzunarekin. Festa giroa nagusitu zen egun osoan zehar Azokan.
Behin betiko balorazioa egin gabe oraindik, Legazpiko kultura aniztasuna eta elkarbizitza ardatz hartuta, larunbatean ospatu zen kulturen arteko topaketaren antolatzaileek “egun zoragarria» izan zutela, eta festak izan zuen erantzunarekin «denak pozez beterik» zeudela adierazi dute. Hotz Legazpi elkarteak eta udalak elkarrekin antolatutako festa kutsuko eguna izan zen, eta jende ugari elkartu zuen Azokan eta inguruan.
Antolatzaileak ez ezik, Kulturen Arteko Egunean parte hartu zuten hamaika herrialdeetako ordezkariak ere “pozik zoratzen” agertu dira. “Oso eskertuta daude, oso egun polita igaro zutela esan digute. Janari guztia saldu zuten, oso jende jatorra ezagutu zutela esan dute”.
“Pena” bakarra izan dute, eguraldi iragarpenek ez zutela asmatu, eta horiei jarraituz, postuak Euskal Herria plazan jarri beharrean, Azokan jarri ziren, eta horrek “agian ikusgarritasun pixka bat kendu zion festari. Azokan jende asko eta asko elkartu zen, baina kanpoan politagoa izango zela pentsatzen dugu. Ea hurrengoa kanpoan egitea posible den”.
Herritarren erantzunarekin ere pozik daude, “Azoka jendez gainezka egon zen egun osoan”, eta musika eta dantza saioak eskaini zituzten taldeen partaidetza ere azpimarratu dute: “Korosti eta Sustraiak dantza taldeak, Nikaraguako haurrak, Ai Ze taldea, Lab Batu batukada eta Kawadeni”.
Azken finean, “egun borobila” izan zen larunbatekoa. Orain, balorazio nagusirako tartea hartu, eta hurrengo edizioari begira jarriko dira.