Antolatzaile-taldea aldatuta baina betiko legeko Ardiki Eguna, etzi
Gazte talde batek hartu du Zaldibiako azoka eta festa antolatzeko ardura. Mondeju zuriaren eta Aralarko gaztaren lehiaketak, igandean. Bazkari-lekua antzokitik plazara aldatuko dute.
Zaldibiako Ardiki Egunak aldaketa urtea du. Antolakuntza taldearen erreleboa gauzatu da, eta gazte batzuek hartu dute Zaldibiako mondejuaren eta ardikiaren inguruan urriko azken igandean egiten den azokaren eta festaren ardura. Etzi, igandea, izango dute aurreneko hitzordua talde berrikoek.
Oraintsu arteko antolatzaileak txanda eske ziren aspaldian. Eskakizunari erantzun, eta hamabost-bat zaldibiar gazte arrimatu dira langintzara. «Hala eta guztiz, eskerrak eman beharrean gaude aurreko antolatzaileei, asko ari zaizkigulako laguntzen», aitortu dute.
Igandean, 29. aldiz, mondejua goresteko egingo dute Ardiki Eguna. Beste urteetako egitarau berdina prestatu dute aldaketa urterako. «Lehenengo urtea izanik, hori iruditu zitzaigun egokiena, urte gehiago izango direlako aldaketak eta berrikuntzak sartzeko», azaldu du antolatzaile taldeko Uxue Garmendiak.
Mondejuaren bueltan
Hala, 29. Zaldibiako Mondejuaren Lehiaketarekin batera, 26. Aralarko Gaztaren Lehiaketa ere jokatuko da. Ohiko baldintzak dituzte mondejugileek. Izena eman behar da aurrez –bihar da azkeneko eguna, 650 354 379–, eta igandean 10:00etarako etxean norberak egindako bost kana mondeju eramango dituzte plazara.
Hiru sari emango dituzte, 300 euro eta txapela irabazleari, 200 euro eta 100 euro. Epaimahaia sukaldariek eta gastronomo adituek osatuko dute. Mondejuaren itxura, estalkia, ebaketa, zaporea, usaina eta nahasketako osagaien txikitze-tamaina hartuko dituzte irizpidetzat.
Artzaintzaren ispilu diren langintzak eta ofizioak erakutsiko dituzte, bestetik. Gazta egiten, mondeju egiten, edo zumitzezko aulkiak nahiz saskiak egiten ariko dira. Ehundegia ere martxan jarriko dute. Ganadu erakusketan latxa ardiak eta ahariak, pottokak eta ahuntz azpigorriak jarriko dituzte.
Andoni Egaña eta Sebastian Lizaso bertsolariak izango dira igande goiz-eguartean Zaldibiako plazan. Mondejua jateko aukera ere izango da, noski.
Beste aldaketa bat, jaiari bukaera ematen dion herri bazkariaren tokiarena izango da. Herri Antzokian izaten zen, baina hura utzi, eta plazako karpan egingo dute bazkaria aurten, «zabalagoa eta anitzagoa izateko eta herritarrei festan segitzeko aukera emateko».
Igandea, urriak 27
- 10:30. Diana, herriko txistulariek eta trikitilariek kalerik kale girotuta.
- 10:30. Artisautza erakusketaren eta azokaren hasiera, eta ganadu erakusketaren irekiera.
- 11:00. Zaldibiako 29. Mondeju Lehiaketaren eta 26. Aralarko Gazta Lehiaketaren hasiera.
- Goizean. Andoni Egaña eta Sebastian Lizaso bertsolariak.
- 13:15. Mondeju eta gazta lehiaketetako sari banaketa.
- 14:30. Bazkaria, plazako karpan. Menua: mondejua, ardiki gisatua, ardikia erreta piperrekin, Aralarko gazta, kafea eta pattarra. Txartelak erosi behar dira, ohiko lekuetan, 25 euroan.
- Arratsaldean. Erromeria Niko eta Beñat musikariekin.