«Txindokik joko handia ematen du argazkietarako. Gure eguneroko bizitzaren parte da»
Ana Cabezas argazkilari ordiziarrak ‘Txindokiren 36 bista pandemia garaian’ argazki erakusketa jarri du Barrenan.
Azaroaren 8ra arte Ana Cabezas Reyes (Ordizia, 1974) argazkilariaren argazki erakusketa ikusgai dago Barrenako erakusketa aretoan. Covid pandemiaren garaiko Txindokiren 36 aurpegi ikus daitezke bertan.
Txindoki oso fotogenikoa dela esaten du argazkilari batek baino gehiagok.
Oso fotogenikoa da bai. Alde batetik edo bestetik begiratu, desberdina da. Alde batetik, piramidala eta bestetik, borobilagoa. Joko handia ematen du. Gure eguneroko bizitzaren parte da.
Covid pandemiaren garaian are eta gehiago, ezta?
Bai, ezin zen beste ezer egin. Kalera atera eta ez zegoen besterik. Hasieran haurrekin ordubeteko tartea geneukan etxetik ateratzeko. Alabarekin paseatzen ari nintzela ideia etorri zitzaidan, eta orduan hasi nintzen argazkiak ateratzen. Nik beti miretsi dut Olatu Handia xilografia, Hokusai japoniarrarena. Urteak dira Fuji mendiko bisten 36 grabatuak biltzen dituen liburu bat erosi nuela, Japoniako Fuji mendiaren 36 ikuspegiak biltzen dituena. Haiek grabatuak dira. Eta Txindokirekin berdina egitea pentsatu nuen. Ideia abstraktu bat zen lehendabizi, baina forma hartzen joan zen. Instagramen joan nintzen 36 argazkiak jartzen eta gero bururatu zitzaidan erakusketa egitea.
«Ordiziako, Abaltzisketako eta Gaintzako hilerrietatik Txindokitik ateratakoak dira gehien gustatzen zaizkidan argazkiak»
Ez da kasualitatea, beraz, erakusketa 36 argazkiz osatua egotea.
Ez. Haiek grabatuak dira [1831 eta 1833 artean eginak], baina askotan begiratzen dudan liburua da. Izugarri gustatzen zait. Jatorriko ideia Olatu Handia da, itsasikara, naturaren aurkako borroka. Simil bat badago, hemen pandemia geneukan.
Argazki makinarekin, mugikorrarekin… aterakoak dira?
Denetarik egon da. Argazki kamera bat nuen, baina hondatu egin zen. Beste kamera bat utzi zidaten… eta azkenean beste bat erosi nuen. Mugikorrarekin ateratakoren bat ere badago.
Zein duzu gogokoena 36etatik?
Gehien gustatzen zaizkidanak hilerrietatik ateratakoak dira. Ordiziako, Abaltzisketako eta Gaintzako hilerrietatik ateratakoak. Txindokiren parte espirituala bilatu dudala esan daiteke. Hiru argazki horietan uste dut parte hori aurkitu dudala. Helburua argazki urbanoak izatea zen. Ez dira mendiko argazkiak. Herri ezberdinetakoak.