'Bertso bira' egitasmoa Goierriko sei adinekoen egoitzatan
Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Lankuk 30 saio antolatu dituzte Gipuzkoako adinekoen egoitzetan. Horietatik sei Goierrin izango dira.
Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Lankuk, lurraldeko adinekoen egoitzekin lankidetzan, Bertso Bira kultur ekimenaren edizio berria antolatu dute. Egitasmoaren helburua da bertsolaritzaren bidez adineko pertsonen bizi-kalitatea hobetzea eta gaitasun kognitiboak sustatzea, euskal kulturaren adierazpenik garrantzitsuenetako bat dela kontuan izanda.
Udazken honetan, guztira 30 saio egingo dira Gipuzkoako 24 udalerritako egoitzetan, bertakoek egoiliarrei bat-bateko bertsoez gozatzeko aukera eskainiz. Saio bakoitzean, eskualde bereko eta belaunaldi ezberdinetako bi bertsolarik hartuko dute parte; 34 bertsolarik, guztira. Goierrin izango dira horietako sei saio.
Saio bakoitzaren aurretik, egoitzetako animazio eta dinamizazio-langileek egoitzetako egoiliarrekin egiten dute lan, bertso zaharrei eta abesti herrikoiei dagokienez dituzten lehentasunak ezagutzeko. Horrela, bertsolarien parte-hartze aktiboa sustatzen da, eta horrek parte-hartzaileen eta artisten arteko lotura indartzen du.
Ekimenak azken urteotan izan duen arrakastak lagundu du honen hedapenean, eta gero eta egoitza gehiago dira saio hauetan parte hartzen dutenak. “Bertsolaritzaren potentzial terapeutiko eta ludikoa azpimarratzekoa da”, adierazi du Maite Peña Zaintza eta Gizarte Politiketako diputatuak, eta nabarmendu du “musikak eta bertsoek ez dutela soilik adinekoen memoria aktibatzen, baizik eta haien arteko interakzio soziala ere sustatzen” dutela.
GOIERRIKO SAIOAK
- Beasain (Arangoiti egoitza). Azaroak 4, astelehena, 17:00. Bertsolariak: Maddi Aiestaran eta Aitor Sarriegi.
- Lazkao (Txindoki egoitza). Azaroak 6, asteazkena, 17:00. Bertsolariak: Millan Telleria eta German Urteaga.
- Legazpi (Santikutz egoitza). Urriak 30, asteazkena, 17:00. Bertsolariak: Ane Beloki eta Xebastian Lizaso.
- Ordizia (Eguneko zentroa). Urriak 30, asteazkena, 16:00. Bertsolariak: Aitor Sarriegi eta June Aiestaran.
- Segura (San Juan egoitza). Urriak 31, osteguna, 17:00. Bertsolariak: Maialen Akizu eta Andoni Egaña.
- Zumarraga (Argixao egoitza). Azaroak 8, ostirala, 16:30. Bertsolariak: Millan Telleria eta Uxue Fernandez.