Errigoraren saskiak eskatzeko epea azaroaren 14ra arte
Nafarroako erdi eta hegoaldeko produktuz osatutako hiru saski daude aukeran. Horien balioaren %25 zonaldeko euskalgintzari bideratuko dute.
Martxan da beste urte batez Errigorak sustatutako Agerreko uzta euskarari puzka kanpaina, eta azaroaren 14ra arte iraungo du. «Auzolan-ariketa erraldoi» horretan Agerreko alegia, Nafarroa erdi eta hegoaldeko— produktuz osatutako hiru saski eskainiko dira eta horien balioaren %25 zonaldeko euskalgintzari bideratuko dute: AEKra, ikastoletara, Sortzen-era eta Agerraldia elkartera. «Baliabidez hornitu nahi ditugu, euren jarduna aurrera eraman dezaten», zehaztu du Haizea Lizarbe Errigorako kideak.
Hainbat urte daramatzate Nafarroa hegoaldean eta erdialdean «euskara sustraitzeko» lurra lantzen eta iraultzen. «Auzolan erraldoi batean lantzen dugu lurra, euskaltzaleon artean; elkartasunez ematen diogu zolari behar duen eguzkia, ura eta haizea», esan du Lizarbek. Eta aitortu du uztak ez direla beti onak izaten. Hori dela eta, auzolanaren garrantzia nabarmendu du: «Maiz topatzen ditugun harri koxkorrei aurre egin behar zaie, baina hor egon behar dugu beti; herria, amore eman gabe».
Aurreko urteetan bezala, herritarrek saski beltza eta saski berdea –ekologikoa– izango dituzte aukeran. Aurten, ordea, beste saski bat ere jarriko dute salgai: saski gorria. Besteak beste, hainbat ardo mota, patxarana, zainzuriak, ardi gazta eta polboroiak izango ditu. Eskaerak Errigora.eus webgunean edota eskuorrien bitartez egin daitezkeela jakinarazi du Lizarbek, eta Euskal Herrian zehar berrehun banaketa gune baino gehiago egongo direla.