Eusko Jaurlaritzak bost milioi eta erdi euro inbertituko ditu Legazpin, Sidenor ohiko industria eremuan
Goierri garaiko EAJk pozgarritzat jo du inbertsioa, Legazpiren eta inguruko herrien etorkizuna markatuko duelako.
Eusko Jaurlaritzak 5,5 milioi euro inbertituko ditu Legazpin, Sprilur erakundeak kudeatzen duen Sidenor ohiko industria eremuan. Diru hori B.10.35.5 lurzatiaren Barneko Urbanizazio Osagarria garatzeko izango da.
Goierri garaiko EAJk pozgarritzat jo du inbertsioa, industria lur eremu horren berrurbanizazioan aurrera pausoa delako, eta eskerrak eman dizkio Eusko Jaurlaritzari, Legazpirekin eta inguruarekin erakutsi duen “konpromisoagatik”.
Sprilurrek 2018an erosi zuen 100.000 metro koadroko lursaila Industrialdeak Birgaitzeko Planaren barruan. Legazpiko eremu hori birgaitzeko proiektu osoak 15 milioi euroko inbertsioa aurreikusten du, eta EAJren arabera, “erabakigarria da industria gune garrantzitsu bat eraldatu, eta garapen ekonomikorako eta enplegua sortzeko bide berriak irekitzeko”. Legazpirentzat eta inguruko herrientzat “inbertsio historikoa” dela dio, “proiektu horrek erakusten du degradatutako industria eremuak berroneratuta, tokian tokiko hazkundea bultzatu eta etorkizun jasangarriago baten alde aurrera egin dezakegula”.
Kudeaketa jasangarria
Sprilurrek kudeatutako berrurbanzioaren lehen fasea 90.804 metro koadroko lursailean burutu zuten, eta “baliabideen aprobetxamenduaren eredu bat” izan zen, sortutako hondakinen %85 berrerabili zituztelako. Zehazki, 16.581 metro kubiko obrako betetze eta egokitzapen lanak egiteko erabili zituzten, eta zabortegietara arriskutsuak ez ziren 2.900 metro kubiko lur bakarrik eraman zituzten. “Horrelako jarduketek erakusten dute industria garapena eta jasangarritasuna eta ingurumenaren zainketa erabat bateragarriak direla”.
Ingurumenarekin lotutako alderdiaz gain, eremu horretan dauden bi tximiniak zaharberritu izana ere nabarmendu du EAJk. 400.000 euroko inbertsioa eginda, Legazpiko industria ondarearen ikurra babestu zela zehaztu du. “Tximinia horiek galdu ezin dezakegun legatu historikoaren ordezkariak dira, eta asko eskertzen dugu zaharberritzeko garaian bere kultura balioa kontuan hartu izana”.
EAJren arabera, Sprilur erakundea egiten ari den lana “ezinbestekoa” da Sidenor ohiko industria eremua berreskuratzeko, eta “Goerri garaira enplegua eta abersatasuna ekarriko duen garapen ekonomikoa bultzatzeko”.