ERREPORTAJEA. GOIERRIKO HITZA, kirol eta kultur jardueren babesle
Eskualdeko kultur eta kirol jarduera askoren babesle izan da 20 urtean GOIERRIKO HITZA. Ehunmilak, Ordiziarrok eta Korosti Trail dira horietako batzuk.
Hogei urteko bidean, eskualdean presentzia handia izan du GOIERRIKO HITZAk, ez bakarrik informatiboki, baita babesle gisa ere. Kultur eta kirol jarduera askotan lagundu du, eta lagunduko du. Bertsoak, musika, literatura… eta makina bat lasterketa babestu ditu.
Ehunmilak, hasieratik elkarrekin
Ehunmilak-en eta GOIERRIKO HITZAren arteko elkarlana kirol probaren hasieratik sortu zela gogoratu du Mikel Valdivielsok, eta ordutik «fidel» mantendu da. «Gugan konfiantza jarri zuen, guk berarengan ere bai, eta harremana oso estua eta ona izan da». Komunikabide honek kirol probaren informazioa zabaltzen egiten duen lana azpimarratu du, «inguruko kazetarien artean lanik handiena zuek egiten duzue… lehenengo urtetik egiten dituzuen gehigarriak, informazioa maiz-maiz, behar dugun aldiro hor egotea…».
Bestelako laguntza izaten dela ere gogoratu du: «Arkua erabiltzen dugu, Kale Nagusiko sarreran, eta urtero sari batzuk eman izan dituzue…». Elkarlanarekin segitzeko asmoa dutela ere esan du.
Ordiziarrock, «ia-ia kintoak»
Ordiziarrock jaialdia ere babesten du GOIERRIKO HITZAk, «ia-ia kintoak gara», dio Urko Ruiz de Apodakak, «Ordiziarrocken historia osoan izan dugun bidelagun leialetako bat da». Hasiera-hasieratik emandako oihartzuna, «gurea bezalako herri mailako jaialdi edo eragile batek behar duen bultzada», alegia, «gure baliabideak oso murritzak izan dira, eta hazi garen arren, hasieratik izan dugun baliabide mediatiko garrantzitsuenetakoa izan zarete».
«Gure ekintzak goierritarrei zuzenduak izan direlako beti, eta herritik eta herriarentzat mugitu garelako. Horrela ulertzen dugu GOIERRIKO HITZA ere, herriarentzat sortutako proiektua, herritarren beharrei erantzuten diena. Horixe egiten saiatu gara gu kultur arloan, eta horixe eskaini digu Hitzak: herritar eta eragile gisa izan ditugun behar komunikatiboak asetzea».
Korosti Trail, iritsi berria
Legazpin urriaren 13an estreinatu zen Korosti Trail lasterketaren antolatzaileek ere GOIERRIKO HITZAra jo zuten babes eske, Mikel Bravok azaldu duenez: «Zuengana jo genuen hasiera batean, lasterketaren lehen edizioa izanda, jendeak proba ezagutzeko beharra genuelako, batez ere, inguruko herrietako lasterketan apuntatzeko». Arkua erabili zuten helmugan eta zintak ibilbidea markatzeko. «Eskertu besterik ezin dugu egin zuen laguntza».