Idiazabalgo armarriak 400 urte bete ditu
1624ko urriaren 25ekoa da armarriari buruz jasota dagoen idatzizko lehenengo erreferentzia. Atzoko osoko bilkuraren ostean, urteurrena gogorarazi nahi izan zuten udal ordezkariek.
Idiazabalgo armarriak 400 urte betetzen ditu gaur. Atzo Idiazabalgo Udalak egindako osoko bilkuraren ondoren, udal ordezkari guztiek taldeko argazkia atera zuten, 1624ko urriaren 25eko Idiazabalgo armarriaren ziurtagiria dokumentuarekin.
Garai horretakoa da hain zuzen, Idiazabalgo udal artxiboan gordeta dagoen Idiazabalgo armarriaren ziurtagiria. Idiazabal 1615ean banandu zen Seguratik, erregeak udalerri titulua eman eta gero. Behin titulua lortuta eta udala osatuta, herriaren nortasun juridikoa islatuko zuen sinboloa falta zuten, hau da, armarria. Garai hartan, ez zen edonorena irudi bat osatzearen ardura, eta idiazabaldarrek erregeari egin behar izan zioten eskaria.
Idiazabalgo udal ordezkarien izenean, Felipe Urbizuk egin zuen idatzizko eskaera. Eskaera onartuta, Jeronimo de Villa arma erregeak —erregearen menpeko heraldika adituak— izan zuen Idiazabalgo armarria diseinatzeko ardura. 1624ko urriaren 25eko data duen ziurtagirian jasoa dago, armarriaren lehenengo marrazkia. Bertan hamar puntako bi izar eta otso beltza ikus daitezke, —otsoa da, askok azeriarekin nahasten badute ere—.