Legazpiko 2025eko ordenantza fiskalei egin dizkien ekarpenak "bideragarriak" direla defendatu du EH Bilduk
Tasa sistema progresiboa aplikatzeko egin zuen proposamena defendatzen du.
Legazpiko EH Bilduk 2025eko ordenantza fiskalei egindako ekarpenak “bideragarriak” direla adierazi du alderdi politikoak, Udal Gobernu Taldeak egindako proposamenari iraileko udalbatzan aurkako bozka eman ondoren. Kontrako bozka hura argudiatzeko eman zituen azalpenei gobernu taldeak erantzundakoaren aurrean, ohar bat kaleratu du aste honetan.
Ondoren azaltzen den oharrean, besteak beste ordenantza berrietan Ondasun Higiezinen gaineko Zergari ezarritako hobarian jarri du fokua Legazpiko EH Bilduk. Ordenantza horiek osatzeko orduan tasa sistema progresiboa aplikatzeko egin zuen proposamena ere defendatzen du.
“EH Bildun fiskalitatea berdintasun eta justizia soziala lortzeko bidean tresna eraginkorra dela uste dugu. Fiskalitatearen zutabe nagusiak eta aukera zein mugak foru arauek zehazten badituzte ere, udalek badute gaitasuna, bere neurrian, udal zerga, tasa eta prezio publikoen bidez aberastasunaren birbanaketan eragiteko.
Hobarien bidez, egoera zaurgarrienetan dauden pertsona eta bizikidetza-unitateak lagundu ahal ditugu. Azken finean, hobariak aplikatuta, gutxien dutenek oso gutxi ordaindu beharko dute; aldiz, diru-sarrera dezente dituztenek tasa bere osotasunean ordaindu behar dute.
2025eko ordenantza fiskalei EH Bilduk egindako ekarpenak bideragarriak dira eta gaur-gaurkoz, Gipuzkoako hainbat herritan aplikatzen dira: Ordizia, Usurbil eta Hondarribia esaterako. EH Bilduren proposamenak tasa sistema progresibo bat aplikatzea proposatzen zuen, horrela kiroldegiko urteko abonuan eta ikastaroetan 17.278 euro azpiko errenta duten herritarrei %100eko hobaria egitea proposatzen genuen. Zergatik 17.278 euro? hori delako emakumeen batez besteko errenta Legazpin. 23.441 euroko azpiko errenta duten norbanakoentzako %50eko hobaria proposatzen genuen. Kopuru hori Legazpiarren batez besteko errenta da. 18 urte beherakoentzat bizikidetza- unitatea kontuan hartzea proposatzen genuen, eta horri lotutako taula bat ere aurkeztu genuen.
Gobernu taldeak dio ez dela bideragarria eta honako hau dio: “Legazpiarren errenta aitorpen guztiak errebisatzen jarri beharko lirateke gure ekonomia saileko langileak.” Badirudi Gobernu Talde honek ez duela ezagutzen zein den Legazpiko Ordenantza Fiskaletan jasotzen den lan egiteko prozedura, ordenantzak dion moduan, hobariak erreguzko izaera dute, hau da, hobaria norbanako bakoitzak eskatu beharko duela.
Bestetik, errenta aitorpena erreferentzia gisa erabiltzea oso ohiko da udalak ematen dituen bestelako diru laguntzetan, eskola-materiala eta ekipo informatikoak erosteko diru laguntzetan, esaterako. Jakin badakigu ez dela sistema perfektua, baina aberastasunaren birbanaketa egiteko daukagun tresna bat da.
EH Bilduren proposamenak errenta maila baxuetan eragin nahi du: 25 urte beherako gazteak, RGIa jasotzen duten herritarrak, pentsio txikiko pentsionistak eta emakumeetan izango lukeelako inpaktu handiena. Gobernu taldeak guztiontzako kafea egiten du, asistentzialismoan oinarritutakoa eta ez eskubideetan.
Hala ere, ez dute erreparorik izan %99ko hobaria aplikatzeko, Ondasun Higiezinen gaineko Zergan (OHZ) etxebizitza hutsen jabeentzat, baldin eta etxebizitza horiek Eusko Jaurlaritzaren Alokabide sozietate publikoak kudeatzen duen Bizigune programan inskribatzen badituzte. Kontuan hartu behar dugu jabe horiek diru sarrerak lortuko dituztela euren etxebizitza alokatzeagatik eta udalak %99ko hobaria aplikatuko die OHZ zergan”.