Prakaren arraiak inspiratuta, eleberri bat
Bosgarren lana argitaratu du Mari Romero idazle legazpiarrak, 'La raya del pantalon' izenarekin. Hurrengo asteartean aurkeztuko du, Kultur Etxean, 18:30ean.
![](https://goierri.hitza.eus/site/files/2024/10/img20241021175203-1200x904.jpg)
Mari Romeroren (Quintana de la Serena, Extremadura, 1958) bosgarren lana La raya del pantalon deitzen da. Letrame argitaletxearekin kaleratu du, eta salgai dago liburu dendetan eta plataforma digitaletan. Datorren asteartean, urriak 29, aurkeztuko du, Legazpiko Kultur Etxean, 18:30ean.
Idazle legazpiarrak argitaratu duen bosgarren lan hau ere eleberri bat da. Fikzioa da, baina azaldu duenez, «beti bezala, ezagutzen ditudan tokietan oinarritzen naiz». Oraingoan, bere familiaren herrialdea den Extremaduran kokatu du, herri batean. «Izena asmatu egin dut, baina nire gertuko lekuak eta paisaiak jaso ditut bertan». Salamanca hiria ere garrantzitsua da liburuan 1972 eta 1987 tartean garatzen den traman.
Emakumeen inguruan
Lola deitzen da protagonista, eta txikia denean bizitako gertakari gogor baten ondorioz, Extremadurako herri horretatik Salamancara eramaten du bizitzera amak, anaiarekin batera. Bizitza berria hasiko du hirian, baina ezin izango du iragana ahaztu, nahiz eta amodiozko harreman batean murgildu. Gertakari haiei aurre egitea izango da irtenbide bakarra.
Drama txiki horren atzean gai bat baino gehiago ezkutatzen dira, emakumeenganako tratu txarrak, familia, emakumeen ausardia, desgaitasuna, feminismoa… «Emakumeak dira nobelako protagonista nagusiak, baina ez nuke esango feminista hutsa denik», zehaztu du.
Familiaren Extremadurako herrian zegoen batean bururatu zitzaion Romerori istorio honen haria. «Herriko festen atarian geunden, abuztuan, eta urtero bezala, emigrantearen eguna ospatzekoak zirela, nire aita urduri zebilen, berak idatzitako poesiak irakurri behar zituelako. Ekitaldi horretara elegante joatea gustatzen zitzaion, eta prakan lixatzeko eskatu zidan, arraia ondo-ondo aterata». Hala sortu zen ideia: «Abuztuko arratsalde bero batean nire aitak prakaren arraia galdu zuen…». Horrela hasi, eta prakaren arraiak leku berezia du nobelaren traman, Lolari gertatutako harekin lotzen duelako.
Aurkezpena eta eskerrak
La raya del pantalon datorren asteartean aurkeztuko du Kultur Etxean, liburuan deskribatzen dituen paisaietako batzuen irudiez eta Rozalen abeslariaren La puerta violeta lanaren musikaz lagunduta, «abesti hori Lolak bere beldurrei aurre egiteko igaro behar duen atearekin alderatzeko modu bat da, askatasuna lortzeko atearekin hain zuzen». Nati Botanz laguna eta lankide ohia izango du ondoan. Liburuaren pasarte batzuk irakurriko dituen laguntzaile berezi bat ere izango da aurkezpenean.
Liburu bat idaztea «zaila» dela dio Romerok eleberri honen amaieran eskerrak emateko gorde duen atala hasteko, eta prozesu horretan ondoan izan dituen guztiak gogoratzen ditu bertan, bereziki bere senarra Mikel, «une gogorretan izan duen ulermenarengatik eta maitasunagatik, eta beti nire bidaia laguna izateagatik». Berari eskaini dio, gainera, liburua.
Aita Hilario ere gogoratzen du, oso istorio zalea zelako eta idaztea ere gustuko zuelako; hainbat eta hainbat poesia utzi zituen idatzita.
Letrame argitaletxeari ere eskerrak eman dizkio atal horretan. «Liburuaren oso kritika onak egin zituzten irakurri zutenean».
Lan gehiago bidean
Amaitzeko, Legazpiko herria ere eskertu du «beti egin didate harrera ona, batez ere azken liburuarekin, askok kalean gelditu eta zoriondu egin naute». Romeroren laugarren liburua Etxetorre goikoa, donde no existe el olvido izan zen, 2022ko urrian argitaratutakoa. Aurretik, La casa de la buhardilla, El pintor de sonrisas eta ¿Porque no nos dejais entrar? idatzi zituen.
Aurrera begira baditu proiektu gehiago, baina momentuz, Legazpiko idazle honen irakurleak La raya del pantalon lanarekin konformatu beharko dira.