Agirre Montegiren argazkiak azaroaren 22ra daude ikusgai Legazpiko Kultur Etxean
Atzo egin zuten inaugurazio ekitaldia, jatorri legazpiarreko argazkilariaren ondorengo batzuen partaidetzarekin. Aurreko mende hasieran egindako ehun inguru argazki daude ikusgai.
Burdinola elkarteak antolatuta, ikusgai dago dagoeneko Ignacio Agirre Montegi argazkilariaren ia ehun lanekin osatutako erakusketa, Legazpiko Kultur Etxean. Essaouiratik Rhineraino du izenburua bildumak, eta 1900 eta 1912 artean egindako argazkiez osatuta dago. Atzo inauguratu zuten erakusketa, Legazpiko jatorria zuen argazkilariaren ondorengo batzuekin, Madrildik eta Suitzatik Legazpira propio etorritakoak.
Gorka Salmeron Burdinolako kideak eta argazkilariak egin du erakusketa honetarako aukeraketa. Multzo nagusia 2006. urtean egindako kopiak dira, eta 2021. urtean berreskuratutako materialarekin eta Agirre Montegiren ahaide batek 2023an utzi zituen zenbait irudirekin osatu du. Argazki gehienak ezagunak dira, baina badira batzuk orain arte erakutsi ez direnak.