Aralarko artzain bati egindako sabotajea salatu du ENBA sindikatuak
Kotxeko lau gurpilak zulatu zizkiotean joan den asteko ostiralean. Ekintza honen helburua "Aralarko artzain eta ganaduzaleen izen ona zikintzea" dela adierazi du.
ENBA sindikatuak ohar baten bidez jakinarazi duenez, pasa den asteko ostiralean, urriak 18, Aralarko artzain baten autoari lau gurpilak zulatu zizkioten Ordizian, aparkatuta zegoen tokian. Ez omen da artzain honi “horrelako ekintzak jasatea tokatzen zaion aurreneko aldia, ezta bigarren edo hirugarren aldia ere”. Sindikatuak salatu duenez, gainera, “inongo erakundeetatik ez da sekulan honen aurka egindako ekintzarik kondenatu. Hau al da Aralarren alde dena eman duen artzain batek merezi duena?”.
Oharrean jarraitzen du esanez “ekintza hau egin duenak edo egin dutenek, Errekabeltzen udan gertatu zenarekin lotzeagatik egingo zuten ziur aski. Jakin beza Goierriko gizarteak artzain honek eta bera bezalakoek horrelako ekintzen beharrik ez dutela beraien aldarrikapenak egiteko”.
“Azken urteetan Enirio-Aralar Mankomunitateak artzain eta ganaduzaleen aldeko lanik egin ez duenean, abeltzainen aldetik ez da egon inolako sabotajerik. Zentzurik ba al du orain abeltzainen aldetik horrelako kontu zikinetan sartzeak, Mankomunitatea eta Aldundiaren arteko akordioa dela eta inbertsioak egiten hasi direnean mendian? Hau egin duenak zer ulertarazi nahi dio Goierriko gizarteari? Errekabeltzeko sabotaiaren ondoren bere ordaina jaso duela?”.
ENBAk, bestalde, baztertu egin du Errekabeltzeko ekintza abeltzain baten lana izan daitekeenik. “Garbi dugu artzainei errua botatzeko egindako ekintza bat izan zela, hastear zeuden lanak geratu asmoz. Oiduegiko soziedadea erre zenean bezalaxe, gertakariak oso antzekoak izan dira”.
Guzti honen helburua “mendian artzain eta ganaduzaleen aldeko inbertsioak ez egiteko giro txarra sortzea” dela gehitu du, “Aralarko artzain eta ganaduzaleen izen ona zikintzea”.
Horregatik, Goierriko gizarteari eskatzen dio “behingoz ausardiaz artzain eta ganaduzaleen alde egin dezala, artzainen eskakizunak babes ditzala, eta kondenatu dezala artzain honek jasan behar izan duen enegarren sabotajea, joko zikinean dabiltzan esku beltzak bakarrik utzi arte”.
ENBAk, azkenik, “bere babes osoa” adierazi dio kaltetutako artzainari, eta Aralarren alde, abeltzaintzaren alde, elikagaiak sortuz eta paisaia zainduz, gizarteak goza dezan, “gero eta gogo gehiagoz” lanean jarraituko duela erantsi du.