Cava Festatik Oiharte sagardotegira, sagardoaren esperientzia ezagutzeko
Zegamara etorritako Sant Sadurni D'Anoiako alkatea eta cava ekoizleak Zeraingo sagardotegian izan dira, sagardoa nola egiten duten ezagutzeko. Gaur gauean izango da oraindik cava dastatzeko aukera.
Zegamako Cava Festak hamargarren edizioa du aurten, eta atzo iluntzean hasita, gaur 20:00etatik 1:00etara izango da oraindik Herrialde Katalanetako bederatzi cava ezberdin probatzeko aukera kiroldegian, giro bikainez lagunduta. Moet Chandon xanpaina ere izango da aukeran. Cava kopak 2 eta 3 euro artean salduko dituzte, eta botilak 10 eta 15 eurotan. Moet Chandon kopak 6 euroko prezioa izango du eta botilak, 30 eurokoa.
Jatekorik ez da faltako, eta ohi bezala, Txomin Parrillak jarriko du. Musika ere izango da, Pancho Balbuena mexikarraren eskutik, 22:00etan hasita.
Autobus zerbitzu berezia ere egongo da Zegamatik Legorretaraino, igarotzen dituen herrietan geldialdiak eginez.
Oihartera bisitan
Herriko elkarteek udalaren laguntzarekin antolatzen dute azken urteen Cava Festa hau, eta Sant Sadurni D’ Anoia (Herrialde Katalanak) eta Zegamako herriaren arteko senidetzea dago atzetik. Tartaloetxe, Amezti eta Kasino elkarte gastronomikoak, Karraztarro ehiza eta arrantza elkartea, Belatxingak bola-joko kluba, Elkartu Nahi txirrindulari elkartea, Gazte Herexa eta jubilatuen elkarteak hartzen dute parte antolakuntza lanetan.
Urtero bezala, aurten ere etorri dira Sant Sadurniko ordezkariak, tartean alkatea eta zenbait udal agintari, eta lau upategietako ordezkari. Zegamako udal ordezkariekin, Unai Agirre Euskal Sagardoako lehendakariarekin eta Niko Osinalde, Goiturreko zuzendariarekin batera, Zeraingo Oiharte sagardotegian izan dira gaur eguerdian, euskal sagardogintza bertatik bertara ezagutu eta sagardoa dastatzeko helburuz.
Bisita horretan Sant Sadurni D’ Anoiako alkate Pere Vernetek azaldu du urteak direla Zegamara etortzen direla, bi herrietako abesbatzek hasitako senidetze programa baten barruan. Harreman hori urteekin aldatzen joan dela gehitu du, eta orain “alderdi sentimentalaz eta kulturalaz gain, negozioaren bidea zabaldu nahi dugu. Sant Sadurnin feria bat egiten dugu, eta zegamarrak han izaten dira gaztarekin eta beste produktu batzuekin. Gu ere hona etortzen gara, Cava Festan parte hartzera”.
Iker Zubeldia Zegamako alkateak, bere aldetik, Oiharte bisitatzearen arrazoiak azaldu ditu. “Dena mugatu partez mahaian eseri eta jan eta edan egitera, gu hara joaten garenean bodegak ikustera eraman eta hango generoa eta ekoizpena erakusten diguten bezala, guk ere erakutsi nahi izan diegu hemen egiten duguna”.
Azken batean, “herrialde honek duen potentziala ezagutzea da asmoa”, Vernetek zehaztu duen bezala, “sagardoa, gure cava bezala, fermentatutako produktu bat da, eta esperientzia hori ezagutzera etorri gara, batez ere cava ekoizleak”. Cava hemen nahiko edaten dela esan du Sant Sadurniko alkateak, baina han sagardoa ez da asko sartu oraindik, “eta iritsi da momentua”.