Legazpiarrek badute Elkargunea
Bizikidetzarako Herritarren Foroaren proposamenez eraiki dute, Mirandaolan. Gaur egin dute elkarrizketarako eta elkar ulermenerako espazio horren irekiera ekitaldia.
Eguraldi txarrak ez du zapuztu Legazpiko Elkargunearen irekiera ofizialaren eguna, eta ehun legazpiar inguru elkartu dira gaur eguerdian Mirandaolan, bertako parkean elkarrizketarako eta elkar ulermenerako sortutako espazio hori ezagutzeko. Bizikidetzarako Herritarren Foroaren proposamenez egindakoa da Elkargunea, eta gaurko aurkezpen ofizialerako ekitaldi sinboliko eta hunkigarri bat prestatu dute.
Euskal Burdinaren Museoa izan da aurkezpenaren gune nagusia, eta bertan, atarian hasi da guztia, txalapartariek egindako deiarekin. Ondoren, Elkargunea bera dagoen lekura abiatu dira guztiak, euripean. Zirkuluan antolatutako zortzi eserlekuz eta beste hainbeste zuhaitzez osatutako gunea da, Juan Mari Burguera artista legazpiarraren eskultura batek osatzen duena. Foroak “indarkeria politikoak dituen era eta jatorri guztietako ondorioak entzun, ikasi eta hausnartzeko egindako bidea” azaldu nahi du zirkulu horrek.
Multzoa osatzen duen eskulturak, berriz, zutik eta elkarri lotuta dauden bi pergamino irudikatzen ditu. Burguerak berak azaldu duen bezala, pergaminoek “bi, hiru edo egi gehiago jasotzen dituzte, eta hutsuneak ere badituzte… Horixe da, hain zuzen, adierazi nahi dutena, baten, bestearen eta beste baten egiekin, hutsune horiek bete eta gure nazioaren historia osatu behar dugula, guztion ahaleginarekin”.
Ekitaldiaren hurrengo zatia museoaren barruan gauzatu da, eta foroko kide batzuk, herriko hainbat musikarik eta bi biktimek parte hartu dute.
Elkargunea, legazpiar guztientzat
Ikerne Lazkanoiturburuk eta Josean Larreak hitz egin dute lehenik foroaren izenean. “Motibazio politikoak izan dituen eta dituen kolore eta forma guztiak entzun, ikasi eta hausnartzeko bideari” duela zortzi urte ekin ziotela azaldu dute. “Egin dugun ibilbide luzeak erakutsi digu enpatia eta elkarrizketa oinarri hartuta bakarrik ekin diezaiokegula adiskide eta bizikidetza prozesu zintzoari. Ikusgarriak diren biktima guztiak jarri ditugu fokuan, baina baita ikusezinak direnak ere, eta indarkeriaren barruan beste sufrimendu mota batzuk pairatzen dituzten pertsonak ere bai”.
Iraganeko zauriak sendatzea bide luzea eta konplexua dela esan dute, “baina argi daukagu elkartzea eta elkar ulertzea dela adiskidetzearen utopiara iristeko modu bakarra”. Ikasi duten hori gainerako legazpiarrekin konpartitzea pentsatu zuten ondoren, eta Mirandaolako gune naturala aukeratu zuten horretarako, espazio zirkular bat eraikiz. Zirkularra da «zirkuluan partekatu ditugulako gure bizipenak, eta zirkuluan entzun ditugulako herriko biktima batzuen zuzeneko testigantzak. Zirkuluan egin dugu barre eta negar eurekin».
Orain, espazio honen garrantzia eta sinbologia legazpiar guztiekin partekatu, eta bizitza eman nahi diote. Horregatik, espazio horretan ekintza desberdinak gauzatzera gonbidatu dituzte herriko eragileak, “desberdinen arteko errespetua eta enpatia sustatzeko, eta bizikidetza sustatzeko nahiari jarraituz”. Motibazio politikoko indarkeria, emakumeen aurkako indarkeria, LGTBIQ+ kolektibokoen jazarpena, bullyng-a, xenofobia… “Berdin da zein den gatazka. Elkar bizitzen ikastea ikasketa unibertsala da” esanez amaitu dute.
Musikaren eta bertsoen txanda etorri da ondoren. Elkarbizitzaren gaiari bertsoak jarri dizkio Asier Iriondok, eta Joxe Arizkorretak musikatu ditu, gaurko ekitaldian abesti forman aurkezteko; bi egilerekin batera, Yerko Ortiz, Jesus Castillejo eta Mikele Arizkorreta aritu dira musika jotzen eta abesten. Ondoren, Asier Iriondo bera eta Jokin Matxinandiarena bertsotan aritu dira.
Bi lekukotasun
Ekitaldiaren hurrengo zatia oso hunkigarria izan da, herriko bi biktimek euren lekukotasuna eman dutelako. Itsaso eta Anabel dira. Itsasoren bikotea ETAko kide izateagatik espetxean izan zen, eta torturen biktima izan zen. Anabelen senarra ertzaina izan zen, eta familia osoak jazarpen indarkeria pairatu zuen urtetan.
Itsaso izan da lehena hitz egiten, eta honako hau esan du: “Gaur hemen elkartzea ibilbide luze baten emaitza da, ez da egun batetik bestera sortu den zerbait izan. Orain dela urte asko hasi zen nire bide pertsonala. Garai batean nire barnean gorrotoa, amorrua, beldurra, inpotentzia sentitzen nituen. Urteak igaro ziren horrela, iluntasuna zen nagusi nire barnean. Baina iritsi zen beste garai bat, eta hainbeste kalte egiten zidaten emozio horiei aurre egiteko nahia, beharra eta gogoa sentitu nuen. Baina ez da erraza. Nola? Norbaitek nire pentsamenduak irakurri balitu bezala, urte batzuk igaro ziren, eta hor agertu zineten zuek, Legazpiko bizikidetza eta erreparazioan lanean zaudeten herritar taldekoak.
Hori izan zen nire aukera kalte egiten zidaten emozio haiek atera eta sentsazio berriei tokia egiteko.
Talde honetako partaideekin bilera bat, beste bat, eta beste bat, bilera asko egin ondoren iritsi zen momentua, garai batean enfrentamenduan bizi ginen batzuk elkartzeko. Zaila egiten zitzaidan, dena ireki zen berriro nire barnean, garai zailak birgogoratu… Baina garbi nuen hura zela bidea. Zirkuluan eseri, begietara begiratu, entzun, konpartitua, besteen mina ulertu, mina besteena eta nirea berdina dela sentitu… azken finean, mina da.
Eta orain hemen gaude, fase bat ixten, Niretzat une berri baten hasiera da, nire ustez hau delako bidea. Bakoitzaren egia, denon egia, herriak ere jakin behar duelako, batez ere, gure ondoren datozenei egin behar diegun transmisioa delako egia bere osotasunean”.
Anabelek, berriz, hauxe azaldu du. “Irati, Javi eta Anabel gara, Legazpiko familia bat. Jubilatu den arte ertzaina izan da Javi, herrian lan egin nahi izan duena, pentsatuz horrela bere lan hori eraginkorragoa izango zela. Horregatik indarkeria jasan dugu. Indarkeria ekintza agerikoenak Plazaola kalean eta inguruetan, eta anbulategian egindako pintaketak izan ziren. Ez genuen epaiketarik izan, ezta defentsarako eskubiderik ere. Zuzenean zainetan sartu ziguten beldurra.
Eta herria, bitartean, isilik, beldurragatik, konplizitateagatik. Inork ez zigun galdetu nola geunden.
Guk hasieratik izan genuen argi herrian jarraitu nahi genuela. Hilabete batzuk ibili ginen noraezean, eta gure alaba galdu eta gero, isiltasuna aukeratu genuen, familia, lagunak, kideak eta gu geu babesteko, eta kalera irtetea mugatu genuen. Zoriontsu izaten zentratu ginen, eta auzoan edo Legazpitik kanpo mugitzen hasi ginen.
Baina bizitzak sorpresarik onena eman zigun, oparirik onena, Herritarren Foroaren eskutik iritsi zitzaiguna. Talde hori herriko emakumez eta gizonez osatuta dago, eta gure ondoan izan da eta osatze bidean lagundu digu. Taldekideen indarra, entzuteko gogoa eta gauzak egiten jakitea, geure prozesu pertsonalarekin batera, oso lagungarriak izan dira, eta lortu dute bi urteko bidearen ondoren gu hemen egotea. Bakarrik ez genuen jakingo nola egin. Inoiz ez gara aspertuko eskerrak emateaz.
Guk memoria, egia eta justizia defendatzen dugu, eta pentsatzen dugu gorrotatzen duena hil egiten dela, eta barkatzen duenak aurrera egiten duela.
Guretzat Elkarguneak herri osoaren topaketarako espazio bat irudikatzen du, indarkeria desberdinen aurka elkarrekin aurrera egiten duen herriaren topagunea, egunetik egunera herri hobea izango den Legazpi bat lortzeko lanean ari diren herritarren topagunea. Azkar joan nahi baduzu, joan bakarrik, urrutira heldu nahi baduzu, lagunekin joan. Bakarka, tanta bat besterik ez gara, elkarrekin, itsasoa. Gurekin kontatu dezakezue aurrera egiteko“.
Amaieran, elkarri besarkatu diote bi emakumeek.
Gari, amaitzeko
Elkargunea aurkezteko ekitaldi honek luxuzko gonbidatua izan du amaieran, Gari abeslaria. Bi abesti eskainiz agurtu du saioa.