Hondakinekin, 'Garbi jokatu'
Sasieta Mankomunitateak ‘Garbi jokatu’ kanpaina jarri du martxan. Hondakinen bilketa zerbitzuen erabilera egokiaz sentsibilizatu nahi ditu goierritarrak.
Sasieta Mankomunitateak Garbi jokatu kanpaina jarri du martxan, «bilketa zerbitzuen erabilera egokiaz kontzientziatzeko». Kanpainaren helburua herritarren «arreta piztea da» eta, ahal den neurrian, «hondakinez betetako poltsak lurrean uztea eta etxeko tresna handiak ateratzeko ezarritako egutegia ez errespetatzea saihestea».
Sasieta Mankomunitateak emandako datuen arabera, Gipuzkoako gaikako bilketa eta birziklatze «indizerik altuena» du Goierrik eta «oso eskertuta» dago herritar gehienek egiten duten ahaleginagatik. «Hala ere, datu on hori ez dator bat, edukiontzien edo kuboen puntu batzuen ondoan gutxi batzuen gizalegearen kontrako jarrerak eragindako zikinkeriarekin».
31.000 diptiko
Horregatik, Sasieta Mankomunitateak kanpaina bat abiarazi du mankomunitatea osatzen duten 22 udalerrietan 31.000 diptiko postontzietan banatuz. «Bi diptiko prestatu dira, biak oso antzekoak: bata edukiontzi eredua duten udalerrietan banatzeko, eta bestea atez ateko bilketa-eredua duten udalerrietan banatzeko. Kanpaina hori indartzeko, panelak eta kartelak jarriko dira arazo gehien sortzen dituzten gunetan».
Diptikoetan mankomunitateak herritarrei eskatzen die hondakinak bereizteko eta dagokion edukiontzian edo ontzian sartzeko, «gogoraraziz, Ordenantzaren arabera, nahitaezkoa dela hondakinak bereiztea eta debekatuta dagoela zabor-poltsak edo kaxak lurrean uztea».
Garbigunera
Era berean, Sasietak gogorarazi du altzariak, etxetresna elektrikoak eta tamaina handiko beste tresna batzuk ateratzeko egutegia errespetatu behar dela, eta norbaitek ezin badu itxaron garbigunera eraman ditzakeela. Beasainen, tren geltokiaren ondoan, eduki ontzi gorria, Minigarbigunea ere jarri dute.