Errege Kopatik kanporatua izan da Beasain
Beasainek garaipena merezi izan badu ere, 0-1ekoa izan da emaitza. 90. minutuan jaso du Cartagenaren gola.
Errege Kopatik kanpo gelditu da Beasain. Merezi ez zuen emaitza izan da. Bigarren mailako Cartagenak baino joko hobea egin du, aukerak ere ugari izan ditu partida osoan zehar, baina partidako gol bakarra, Cartagenak egitea lortu du 90. minutuan. Zelaian dena eman ondoren, 0-1 izan da emaitza, hala, Cartagena sailkatu da Errege Kopako bigarren kanporaketarako.
Partida bukatu eta berehala, Loinatz zelaiko prentsa aretoan Mikel Arruabarrena Beasaingo entrenatzaileak adierazi du “taldeak disfrutatu” egin duela, baina “burumakur” amaitu dutela azkeneko momentuan iritsi den golarekin. Partida “luzea egitea” zela asmoa eta “lortu” dutela, aukerak “Beasainenak” izan direla, baina azkenean Cartajenarentzat izan dela garaipena.
Harmaila jendez goraino bete da gaurkoan etxeko taldea ozen animatzen. Horri dagokionez, Arruabarrena hunkituta agertu da. “Sekula baino jende gehiago egon da, azkenera arte jaso ditugu animoak eta eskertzekoa da”. Garaipenarekin borobiltzea ez da posible izan, baina hala izanda ere “konfiantza” eskatu dio zaleagoari. “Ondo ari gara lanean, indartsuak garela erakutsi dugu gaur, orain emaitzak iristea falta da”.
Julen Zubillaga Beasaingo jokalariak ere egin ditu adierazpenak partidaren ostean. “Ilusio handia genuen, baina Ligan gertatzen ari zaigun bezalaxe, azkeneko minutuetan jaso dugu aurkariaren gola. Taldeak esfortzu handia egin du gaurkoan ere, eta azkeneko minutuan gola jasotzea min handia izan da.”