Jerusalemgo tren arinaren proiektua etetea eskatuko du Podemosek osoko bilkuran
CAF enpresa Jerusalemen eraikitzen ari den tren arina Nazio Batuen Giza Eskubideen Kontseiluaren ebazpena «urratzen» duela dio Elkarrekin Podemosen idatziak. Ostegunean, 18:00etan hasiko da osoko bilkura.
Urriko ohiko osoko bilkura egingo du bihar, osteguna, 18:00etan hasita, Beasaingo udalbatzak. Eguneko gaien artean, Elkarrekin Podemoseko bozeramaileak, Israel Gazan egiten ari den sarraskia dela eta, CAF enpresak Jesusalemen tren arina zabaltzeko proiektua berehala bertan behera utz dezala eskatzeko mozioa aurkeztuko du, gainontzeko talde politikoen babesa bilatuz.
Udalbatzaren aurrean aurkeztuko duen idatziak, azken urtean Gazako biztanleek jasan behar izan dutenaren errepasoa egiten du. Bertan ematen diren datuen arabera, 42.000 pertsona baino gehiago erahil dituzte, tartean 20.000 haur baino gehiago; zaurituak 97.000 inguru dira, 10.000 desagertu daude, eta herritarren %90ak bere etxeetatik alde egin behar izan dute. Larrialdi humanitarioa etetea urgentziazkoa dela dio Elkarrekin Podemosek.
Testuinguru horretan, «CAF enpresako gerentzia Jerusalemen tren arina eraikitzen ari da, potentzia okupatzaileen zerbitzura». Mozioan azaltzen den moduan, Nazio Batuen Giza Eskubideen Kontseiluaren ebazpena «urratzen» du horrek. Horregatik «giza eskubideak errespetatzea» eskatuko dute plenoan.