Musikaz beteko da azaroa Legazpin
Hilabete horretan ospatzen den Santa Zezilia musikarien zaindariaren egunaren bueltan kontzertu ugari eta beste ekitaldi batzuk antolatu ditu udalak, herriko musika elkarteen laguntzarekin.
Urteetako ohitura da Legazpin azaroko agenda musika ekitaldiz betetzekoa. Aurten ere, udaleko kultura sailak Azaroan Musika zikloa prestatu du, herriko musika talde eta elkarte nagusiekin elkarlanean. Ziklo honek, ohi bezala, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailaren diru laguntza du.
Musikarien zaindaria den Santa Zezilia gogoan izaten duen Azaroan Musika egitarauaren edizio berri hau etzi hasiko da, azaroak 1, eta hilaren 29ra arte luzatuko da. Emanaldi guztiak doakoak izango dira, eta musikaz gozatzeko muga bakarra espazioen edukiera izango da.
Santa Zeziliakoa, berezia
Kontzertuak izango dira musika zikloaren ardatz nagusia, eta horien artean Santa Zeziliakoa izango da ekitaldi nabarmenena, herriko musika talde nagusiak elkartzen direlako okasio horretarako. Hilaren 23an izango da aurten, eta bertan jardungo dute Goiz Deia txistulari bandak, Santikutz abesbatzak, Alaitasuna errondailak eta Legazpi Musika Bandak. Urbeltz pilotalekua izango da berriz ere kontzertu aretoa.
Santa Zeziliako kontzertu hau berezia izango da, gainera, Alaitasuna errondailak bere 60. urteurrenaren ospakizuna bertara eramango duelako. Ospakizun horien barruan kokatzen da, baita ere, Kanaria Handia irlatik etorritako Parranda Los Paperos de Valleseco taldeak larunbat honetan egingo duen emanaldia.
Musika, eta gehiago
Azaroan Musika zikloan, kontzertuez gain, bertso saio bat, ikus-entzunezko baten emanaldia eta herriko musika talde asko elkartuko dituen Subeltza Eguna ere izango dira.