Abangoardiako musika ikuskizuna eta Kanariar Irletako abestiak, astebururako proposamenak Legazpin
Aurtengo Azaroan Musika zikloaren barruan kokatzen dira bi emanaldiak. Bihar eta etzi izango dira.
Bihar abiatuko den Azaroan Musika zikloak bi hitzordu jarri dizkie legazpiarrei astebururako, musika koralarekin eta Kanariar irletako abestiekin. In Tempore Abesbatza & Ensemble eta Parranda Los Paperos izango dira protagonistak.
Lehen emanaldia bihar izango da, Parrokian, 19:00etan. Santikutz Abesbatzak sustatuta, In Tempore Abesbatza & Ensemblek Mixturas ikuskizuna eskainiko du. Proposamen musikal hibridoa da, IkusArteko sortzaileek diseinatutako ikus-entzunezkoarekin lagundutakoa. Ikuskizuneko musika konpositore garaikideena da, abangoardia, tradizio klasikoa eta tonala, musika zinematografikoa eta nazioarteko folklorearen sonoritateak, harmoniak eta erritmoak nahasten dituena.
Kanarietako musikariak, berriz, Alaitasuna errondailak gonbidatuta datoz, Legazpiko taldearen 60. urteurrena ospatzeko, eta larunbatean bi emanaldi egingo dituzte. Hasteko, 12:00etatik 14:00etara bitartean Kale Nagusian ibiliko dira jotzen eta abesten, eta 19:00etan, kontzertua egingo dute Latxartegi aretoan. Talde hau 1991ean Kanaria Handiko Valleseco herrian sortu zuen Manuel Falconek, eta horrek sortutako abestiak eta Kanarietako eta Latinoamerikako musika tradizionaleko abesti herrikoiak interpretatzen ditu.