Legazpiko Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren oinarriak finkatzeko deia
Ekarpenak egiteko eskatu die udalak legazpiarrei. Udalaren webgunean egin behar dira, azaroaren 6ra arte.
Legazpiko HAPO Hiri Antolamendurako Plan Orokorra idazteko helburuei ekarpenak egiteko aukera dute herritarrek egun hauetan. Ekarpenak udalaren www.legazpi.eus webgunean espresuki ireki duten atalean egin behar dituzte, hilaren 6ra arte.
Datozen asteetan onartuko ditu udalak Plan Orokorra idazteko helburuak eta irizpideak. Horiek izango dira Legazpiko HAPOren agiria idazteko oinarriak, eta etorkizuneko herriaren antolaketa gidatuko dutenak.
Planak hainbat helburu estrategiko bete beharko ditu. Batetik, hiri eredu «trinkoa, konplexua eta kohesionatua» proposatu beharko du, Goierri garaiko ekonomia «aktibatzen eta udalerriko ekonomia dibertsifikatzen» lagundu beharko duena. Bestalde, Legazpiko natura, landa, kultura eta paisaia ondareari balioa eman beharko dio, eta «lurralde iraunkor eta energetikoki eraginkorra» bultzatu beharko du. Azkenik, zeharka bada ere, «Legazpi pertsona guztiena eta guztientzat» izan dadila hartu beharko du kontuan.
Bestalde, urtarrilean udalak onartutako HAPOren aurrerapen agiriari herritarrek egindako iradokizunak erantzuten hasita daude, eta datozen egunetan jasoko dituzte erantzunak.