‘Bestelako basogintza eredu bat’ hitzaldia antolatu du Landarlanek
Azaroaren 7an izango da Ordiziako Barrenan.
Landarlan Ingurumen Elkarteak «kezka» adierazi du, «pinudien gaixotasunen ondorioz zuhaizti dexente botatzen direnean, teknika erasokorrak erabiltzen ari direlako: matarrasak, kanpoko eta inbaditzaileak diren espezien landaketa, makineria astuna, pista berriak…». Landarlanen iritziz, «horrelako teknikak erabilita, lurzorua eta biodibertsitatearen galera zein erreka eta ibaien kutsadura eragiten dute etengabe».
Era horretan, «eta jakinik badirela beste eredu batzuk basogintzarako, ekoizpena eta biodibertsitatearen babesa uztartzen dituztenak», hitzaldia eta ibilaldi gidatua antolatu ditu Ordizian, Aramaioko Tantai Baso Jabeen kooperatibaren eskutik.
Ibilaldia hilaren 16an
Batetik, azaroaren 7an, 18:30ean, Barrenan, hitzaldia egingo dute. Eta azaroaren 16an, berriz, 10:30ean, Altamirako Zumalakarregi etorbideko plazatik abiatuta, Oiangu Txikiko basoraino joango dira. «Bidean ikusiko ditugun zuhaizti eta basoen kudeaketaz hausnartuko dugu, eta Oiangu-Txikiko basoa nola kudea daitekeen». Handik Oiangu parkera joango dira bidetxurretik Altamirara jaisteko.