Nafarroara joango dira igandean Izadi Zaleak elkarteko kideak
Arrarats eta Lekunberri arteko 16 kilometroko ibilbidea egingo dute. Izena eman behar da, gaur eta ostegunean, elkartean bertan.
Izadi Zaleak mendizale elkarteak Nafarroara egingo du hurrengo irteera igande honetan, azaroak 10. Txubi gidari dutela, Arrarats eta Lekunberri arteko 16 kilometroko luzera eta 750 metroko desnibela duen ibibidea egingo dute, Erratzu, Launtze eta Ireber gailurretara igotzeko aukerarekin. Hain zuzen, Ireber da ibilbideko punturik altuena.
Irteera 07:00etan izango da, Industrialdetik. Joateko, izena eman behar da gaur edo ostegunean, 18:30etik 19:30era, elkartean bertan.
“Mendi buelta bat baino askoz gehiago”
Ibilbidearen goialdeak GR12arekin bat egiten du, Euskal Herriko bi isurialdeen arteko muga historikoa marrazten duen ur banalerroa. Antolatzaileek azaldu dutenez, “bide honetan zehar, paisaia udazken kolore biziko mosaiko bihurtzen da, pinuz, izei, haritz, pago eta gaztainondoekin, Ezkurra iparraldeko eta Basaburua hegoaldeko haranak banatuz”. Basoak, larreak eta historiaz betetako bideak zeharkatuko dituzte mendizaleek, eta “misterioz inguratutako megalitoak” ere topatuko dituzte.
Ibilbideko “puntu enigmatikoenetako bat” Bi Ahizpen Sepultura trikuharria izango da, Ireber gailurretik metro gutxira kokatua. “Hiru kondaira daude leku honen inguruan: lehenengoak bi ahizpa elur ekaitz batean hil zirela dio; bigarrenak, bi ahizpak otsoek harrapatu eta jan zituztela kontatzen du. Baina istorio bitxienak leku berean urrezko txanponez betetako kutxa bat ezkutatu zutela dio, nahiz eta gaur arte inork ezin izan duen altxorra aurkitu”.
Irteera honetan, Legazpiko mendizaleek “berdegune zabalez, baso trinkoz, herri xarmagarriz eta 360 graduko ikuspegi panoramikoak eskaintzen dituzten gailurrez gozatzeko aukera” izango dute, Kantauri urrunetik hasi eta Pirinioetako gailur altuetaraino.
“Mendi buelta bat baino askoz gehiago” izango dela agindu dute Izadi Zaleak elkartekoek, eta ” Nafarroako edertasuna ezagutu, leku magikoak esploratu eta beste parte hartzaileekin une atseginak partekatzeko aukera”