Behi gazten artean, ondua ere aukeran
Lore saltzaileen postuak kolorez beteta daude, negukoak ere lore koloretsuak direlako. Barazkien ataleko berritasunetan ere kolorea izan da nagusi, pak choi aza asiarraren eta azalorearen morea.
Azaroa iritsi da feriara, azken egunetako tenperatura hotzenekin, gainera. Hala kexatu dira behintzat gaur goizean saltzaileak, behe lainoa noiz altxatu zain zeuden bitartean. Eguzkia agertu orduko, berriz, giroa berotzen hasi da, baita erosleen eta bisitarien kopura ere.
Eta erosleek eta bisitariek, ia asteazkenero bezala, produktu berriekin egin dute topo gaur ere, eta horien artean Mutiloako Odio baserriko Beñat Telleriaren behi gazta ondua izan da. Berez ugariagoa eta kalitate hobeagokoa den udaberriko esnearekin egindako gazta da hori, lau kilo ingurukoa, eta kiloa 19 euroan jarri du salgai. Hori lortzeko, 40 litro esne erabiltzen ditu gaztagileak, eta sei hilabetez uzten du ontzen. Zapore biziagokoa da xamurra edo ohikoa baino (17 euroan kiloa), eta urdina baino leunagoa (23 euroan kiloa). Horrelako azalpenak, eta gehiago, eman dizkio Telleriak urte askoan feriako saltzaile izan den Edurne Jauregiri. Baliarraindar hori jubilatu egin da azokako salmenta lanetatik, baina ia asteazkenero etortzen jarraitzen du, erosle gisa orain.
Berritasun gehiago ere izan dira gaur, barazkien atalean horiek. Hala, Natalia Magallanesek pak choi morea jarri du salgai, 1,2 euroan bakoitza, eta Monteseko Arantxa Iparragirreren postuan azalore morea aurkeztu dute, 2,5 eta 3 euro artean bakoitza.
Berriak ez diren beste bi produktu ere aipatu behar dira. Batetik, bruselaza. Aurreko astean iritsi zen, baina gaur postu gehiagotan izan da salgai, kiloa 6 eta 7 euro artean. Eta indaba da aipatu beharreko bestea, prezioak gora egin duelako; 16 eta 18 euro artean saldu dute gaur kiloa.
Neguko lore koloretsuak
Lore saltzaileen postuetara ere iritsi dira gauza berriak. Hilerrietara eramateko zentroen kanpaina amaituta dute, baina postuak aurreko bi asteetan bezain ikusgarriak eta koloretsuak dituzte, neguko lore eskaintzarekin.
Lore berrien artean, bellisa (1,5 euro), ziklamen berezia (9,5 euro), txilar urdina (5 euro), primula obkonikoa (7,5 euro) eta antirrhinuma edo kukupraka (1,5 eta 2,5 euro artean) nabarmendu behar dira.
Perretxikoak, kanpokoak bakarrik
Perretxikoen atalean, berriz, bertako espezien falta da nabarmendu behar dena, inguruko mendietan ez omen dagoelako ezer. Hala esan dute zaletuek.
Kanpotik ekarritako perretxikoekin, berriz, eskaintza zabala izan da gaurkoa: 210 kilo onddo (14-30 €), 35 kilo niskalo (18-20€), 23 kilo ziz hori (20-22€), 15 kilo gorringo (30-33 €), eta hamarna kilo mendiko angula eta saltsa perretxiko beltz (22 €).
Usoak ere izan ditu gaur salgai Mikel Lasak, 40 pieza, 7 euroan bakoitza.