Lola Azparren margolariaren lanak ikusgai, Joan Kruz ile apaindegian
Artista nafarrak 'Argi Paisaiak 2' bildumako olioak jarri ditu ikusgai. Erakusketa urte amaierara arte egon da ikusgai.
Lola Azparren da Legazpiko Joan Kruz ile apaindegiko azken artista gonbidatua. Azaroan eta abenduan zehar, margolari nafarraren olioak egongo dira ikusgai erakusketa areto berezi horretan, Argi Paisaiak 2 izenburupean.
Azparreni txikitatik gustatu zaio marraztea eta margotzea. Magisteritza ikasi zuen bitartean, Arte eta Lanbideen eskolako marrazki eta pintura ikastaro monografikoak ere egin zituen. Hango plastika irakasleak, Isabel Cabanellasek mundu berri baterako ateak ireki zizkion, Hezkuntza artetik ulertzera eraman zuena, eta bide horretan jarraitzen du oraindik. Hala, lan arloan beti izan du lagun hezkuntza proiektu artistikoak garatzean, eta artea erakustean.
1980eko hamarkadatik, helduentzako marrazki eta pintura klaseak ematen ditu, eta haur eta gaztentzako arte plastikoak, erakunde desberdinetan eta bere Bidari Arte tailerrean. Nafarroako Museoan haurrentzako hainbat arte programa ere garatu ditu, eta Letra Txikia, liburutegi bizi baten jatorria programa zuzendu zuen 2009 eta 2016 bitartean, zeinetan 1.200 haurrek parte hartu zuten, arte jarduerak eta literatura uztartuz. Bestalde, 2017tik 2021era Palabras pintadas proiektuan parte hartu du Blas Camposekin batera, horren argazki erakusketaz lagunduta, haurrentzako arte plastikoen klaseak emanez.
Eta horrez guztiaz gain, margotu ere egin du Lola Azparrenek, eta hainbat erakusketa egin ditu bere lanekin, batez ere Iruñean: bakarka, Entre cielo y tierra (2018), Agua (2021), Paisajes de luz (2023), eta taldean, Libros Libres-Liburu Libreak, eta Tacto Sutil Kollage taldearekin.