Bi kontzertu eskainiko ditu Azaroan Musika zikloak
Bihar Giltzarri abesbatza nafarrak kontzertua egingo du elizan, eta igandean, Sokaire bikoaren emanaldia izango da, Latxartegin.
Azaroan Musika zikloaren barruan, Bortzirietako (Nafarroa) Giltzarri abesbatzak kontzertua egingo du parrokian bihar, 20:00etan, Santikutz koruak sustatuta. Errepertorio zabala dute abeslari nafarrek, XVI. mendeko musikatik hasi, gaur egungo konposatzaileen musikaraino. Isabel Lacar da Giltzarriren zuzendaria.
Etzi, berriz, Klasikoan Sokairera ikuskizunaren txanda izango da. Latxartegi aretoan izango da hitzordua, 12:30ean. Kontzertu antzeztua izango da, Sokaire biolin jotzaileen duoa osatzen duten Itxaso Diez eta Noemi Santamaria bizkaitarrek eskainiko dutena. Bikote honek musika klasikoaren garaietan murgilduko du publikoa, Barrokotik gaur egunera arte, biolin akustiko eta elektrikoen eskutik, eta «esperientzia pertsonalez betetako ezohiko ibilbide umoretsu batetik» abiatuta.
Bi kontzertuetako sarrera doan izango da.