Olentzero eta Mari Domingi bihar hasiko dira Mirandaolako bisitekin
Astebururo etorriko dira abenduaren 23ra arte, eta astegunetan ere bai, ikastetxeetako taldeentzat. Oraindik plaza libreak daude.
Olentzerok eta Mari Domingik bihar egingo dute lehen bisita Mirandaolara Lenbur Fundazioak gonbidatuta, eta hasiera emango diote horrela abenduaren 23ra arte luzatuko den kanpainari. Azken urteetan bezala, aurten ere milaka bisitari espero dituzte.
Asteburu guztietan egingo dituzte familia jarduera horiek Legazpin, baita astegunetan ere ikastetxeei zuzenduta, eta oraindik txanda libreak daude. Izena emateko 943 73 04 28 zenbakira deitu daiteke, edo mirandaola@lenbur.com helbidera mezu bat bidali.
Bisita osatzeko aukera
Olentzero eta Mari Domingi ikustera doazenak Euskal Burdinaren Museoan, parkean eta burdinolan ibiliko dira, Burdintxo pertsonaiak lagunduta. Ordu eta erdi inguruko jarduera izaten da.
Aurten, berritasun gisa, bisita hori osatzeko aukera eskaini du Lenburrek, eta familiek egun berean Legazpiko bertako aiton-amonen eskola edo Ezkioko Igartubeiti ere bisitatu ahal izango dituzte