Azahara Dominguez diputatuak iragarri du Goierri-Donostia autobus linean Legazpi ere sartzeko aukerak aztertzen ari direla
Zumarragaraino iritsiko litzatekeen linea Legazpiraino luzatzea izango litzateke aukeretako bat, eta beste bat, Legazpi-Zumarraga arteko linearekin koordinatzea, eta Zumarragan transbordoa egitea. Linea berria udaberrian martxan jarri ahal izateko, "ezinbestekoa" izango da 2025erako foru aurrekontuak onartzea.
Kezka eta haserrea eragin du Legazpiko Udalaren baitan Gipuzkoako Foru Aldundiak iragarri duen Goierri eta Donostia arteko autobus zerbitzuak, Legazpi kanpoan utzi dutelako. Azahara Dominguez Mugikortasun diputatuak gaur goizean baieztatu duenez, autobus linea berrian Legazpi ere sartzeko aukerak aztertzen ari dira. Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatuen Kontseiluak Txillida Lantokian egin duen batzar ibiltariaren ondoren egin ditu adierazpen horiek Mugikortasuna, Turismoa eta Lurralde Antolaketa saileko arduradunak, sail horretan mugikortasun jasangarriaren eta garraio publikoaren alorrean herritarrek dituzten premiekiko “sentsibilitate handia” dutela azpimarratzearekin batera.
Lurraldebusek Goierri eta Gipuzkoako hiriburuarekin eta Gipuzkoako hiriburua Goierrirekin ez zituela lotzen ikusita, “pauso bat eman nahi izan dugu, eta 2025erako proposatu dugun aurrekontuan autobus linea hori sortzea aurreikusi dugu”. Linea berria Goierri garairaino iritsiko litzateke, “eskualde honek ere [Goierri garaiak] zerbitzuari etekina aterako diolakoan, eta horregatik proposatu dugu Zumarragaraino eramatea, eskualde burua delako”.
Baina proposatutako autobus linea berri hori indarrean jartzeko, 2025eko foru aurrekontuak onartu behar direla nabarmendu du.
Legazpirako bi aukera
Dominguezek jakinarazi duenez, udaberrian martxan jarri nahi duten linea berria Zumarragatik atera, eta Beasaindik, Ordiziatik eta Tolosatik igarota, Donostiara iritsiko litzateke, eta bertan hainbat geldialdi egin. Alderantzizko bidea ere egingo luke. Autobus zerbitzuak astelehenetik ostiralera funtzionatuko luke 06:00etatik 21:00etara, orduero, eta asteburuetan, 08:00etatik 22:00etara, bi orduero.
Legazpi linea horretan sartzeko eskaera eta horretarako aukeren azterketa, Aldundiko Mugikortasun sailak Gipuzkoako udalerrien eskaerekiko duen sentsibilitatean kokatu du Dominguezek. “Duela aste bete, Legazpiko garraio publikoko zinegotzia den Oscar Valbuenak nirekin jarri zen harremanetan, etorkizuneko linea horretan Legazpi nola txertatu ikusteko, eta Eric Galvez alkatearekin ere bi bilera egin ditut”. Kontaktu horietan “egon daitezkeen aukerak aztertzeko asmoa” berretsi duela esan du Dominguezek, eta bi aukera daudela azaldu du: “Linea Legazpiraino luzatzea da bat, baina azterketa teknikoa egin beharko da ikusteko nolako eragina izango lukeen horrek guk proposatutako ordutegietan eta maiztasunean; eta bestea da Legazpi eta Zumarraga arteko autobusen ordutegiak koordinatzea, linea berri horretara transbordoa edo autobus-aldaketa egin ahal izateko, kontuan izanda Mugi sistemak dituen onuretako bat doako transbordoa dela kontuan hartuta”.