Legazpiko Txillida Lantokian batzartu da gaur Foru Aldundiko Diputatuen Kontseilua
Eider Mendoza Diputatu Nagusiak eta Eric Galvez Legazpiko alkateak lan bilera egin dute aurretik udaletxean, herriak dituen erronkak eta proiektuak aztertzeko. Museoa bisitatzeko aukera ere izan dute agintariek.
Legazpin elkartu da gaur Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatuen Kontseilua. Bilera Txillida Lantokian egin dute, goizean, eta museoa bisitatuz amaitu dute saioa. Legegintzaldi honetan saio ibiltariak egiten ari da Diputatuen Kontseilua, “udalerrien beharrak, erronkak eta proiektuak bertatik bertara ezagutzeko, eta horiekin lankidetza estutzen jarraitzeko”.
Legazpikoa horrelako zazpigarren saioa izan da, eta ohi bezala, Eider Mendoza Diputatu Nagusiak herriko alkatearekin lan bilera egiteko baliatu du. Goizean goiz elkartu da Eric Galvez alkatearekin udaletxean, herriko erronka eta proiektu nagusiak aztertzeko, eta besteak beste, Ezkurrenen lantzen ari den proiektuaz hitz egin dute bi agintariek. Legazpiko hainbat elkartetako ordezkari eta eragilerekin ere bildu da Mendoza, “horien beharrizanak zuzenean jaso ahal izateko”.
Kontseiluaren bilera amaituta, Txillida Lantokia bisitatzeko aukera izan dute diputatuek, eskultorearen biloba den Mikel Txillida eta museoa kudeatzen duen Lenbur Fundazioko Birjinia Etxeberria eta Agurtzane Elustondo gidari izan dituztela. Aurten ospatzen ari den Txillidaren jaiotzearen mendeurrenari keinu bat egin diote horrela Gipuzkoako agintariek.
Elkarlana, “ezinbestekoa” Galvezentzat
Galvez alkatea ere museoko bisitan izan da, eta hori amaitzean, eskerrak eman dizkio Foru Aldundiko Diputatu Kontseiluari bilkura ibiltaria egiteko Legazpi aukeratzeagatik. Legazpik esku artean dituen proiektu ugariak aurrera ateratzeko “elkarlana eta Aldundia bidelagun izatea ezinbestekoa eta bermea” dela esan du.
Hain zuzen, proiektu horietaz hitz egin dute goizean bi agintariek udaletxean egindako bileran, eta horien artean Ezkurrenekoa nabarmendu du Legazpiko alkateak, Diputatu Nagusiak berak eta Maite Peña Gizarte Ongizateko diputatuak “hain ondo ezagutzen dutena”. Ezkurrenea belaunaldi arteko gune bat izango dela azaldu du, eta besteak beste, “nahi gabeko bakardadean dauden pertsonei erantzuna emango die”, Aldundia garatzen ari den Harian estrategiarekin bat eginda. Legazpi erkidegoko adineko pertsonen tasa handienetakoa duen herria dela ere gogoratu du, “baina hori, azaroa izan beharrean, erronka bat da guretzat”, eta horri aurre egiteko udalean lanean ari direla azpimarratu du, “beti ere Diputazioaren laguntzarekin”.
Gipuzkoa plazatik, Gipuzkoako plazetara
Eider Mendozak ere eskerrak eman dizkio Eric Galvez alkateari, Diputatuen Kontseiluaren bilerarako Legazpik egindako harreragatik. “Foru Aldundiak erabaki zuenean Gipuzkoa plazatik Gipuzkoako plazetara joatea, izan zen, hain justu, elkarlanerako espazioak eta konfiantza espazioak sendotu nahi zituelako, horrek fruituak ematen dituelako beti”, adierazi du Diputatu Nagusiak. Legazpin erronka nagusiak zeintzuk diren ezagutzeko aukera izan duela ere esan du, eta horiek aurrera eramateko erakundeen arteko elkarlana premiazkoa dela azpimarratu du, horrela “aukerak biderkatu” egiten direlako.
Ezkurreneari dagokionez, Diputazioaren “konpromisoa eta aurrera eramateko borondatea” berretsi ditu.