Aizkorri kalean egingo diren lanak azaltzeko bilerak antolatu ditu udalak
Aizkorri kaleko 14. atariaren paretik Bikuña Txikiko biribilgunera arteko zatia eraberrituko dute. Salaberria Ingenieritza S.L. enpresak idatzitako proiektua azalduko die herritarrei udalak.
Aizkorri kalearen hegoaldeko zatia eraberritzeko egingo diren lanak azaldu nahi dizkie udalak inguruko bizilagunei, eta bi bilera antolatu ditu horretarako. Hilaren 21ean izango dira biak, Latxartegi aretoan.
Aizkorri kaleko 14. atariaren paretik Bikuña Txikiko biribilgunera arteko zatia da eraberrituko dutena, eta irisgarritasuna eta segurtasuna bermatzeko jarduketak egingo dituzte, zoladura guztiak berritu, eta bidegorriari jarraipena emango diote, errepidetik banatutako trazadurarekin. Horrez gain, euri urak modu jasangarrian jasotzeko sistemak ere jarriko dituzte. Lurzoru azpian ere obra garrantzitsuak egingo dituzte, bereziki, euri-uren eta ur zikinen saneamendu sarean eta ur horniduran.
Lan horiek jasotzen dituen proiektua Salaberria Ingenieritza S.L. enpresak idatzi du, uztailetik urri amaierara bitartean egindako azterketa lan sakonaren ondoren. Lan horren emaitza da hurrengo asteko bi bileretan azalduko dutena. Lehen bilera 17:00etan izango da, eta Aizkorri kaleko 20-22-24-26 atarietako bizilagunei zuzenduta egongo da. Bertan, eraikinaren saneamenduaren egoera eta, horren ondorioz, urbanizazio obren proiektuaren baitan jaso daitezkeen aukerak azalduko zaizkie jabekideei. Bigarren bilera 18:00etan izango da, Aizkorri eta Plazaola kaleetako eta Bikuña-enea plazako bizilagunekin, eta horretan proiektu osoaren nondik norakoak azalduko dituzte. dira saio horretan.
Bilera horietara joateko izena-eman beharko da udalaren webgunean.