Uzta tresnarekin, azokako ekoizleak eta kontsumitzaileak gertuago
Uzta proiektu pilotua aurkeztu dute gaur Ordiziako Azokan. BCC Innovationek eta Hispavistak garatu dute erreminta berria.
Ordiziako Azokaren «etorkizuna bermatzeko» tresna bat gehiago dute Ordizian, Basque Culinary Centre-eko gastronomia eta teknologia zentroa den BCC Innovationek eta Hispavistak garatu duten Uzta proiektu pilotuari esker. Adur Ezenarro alkatearen esanetan, «azokaren etorkizuna bermatzeko ahalik eta esku hartze gehien egitea, eta ahalik eta laguntza eta sinergia gehien lortzea» ezinbestekoa da, eta eskerrak eman dizkie egitasmo pilotua Ordiziako Azokan martxan jartzeagatik.
BCC Innovationeko Ainhoa Juaristiren esanetan, Uzta tokiko produktuen kontsumoa bultzatu eta errazteko sortu dute. Honela hiru arazori emango die aurre tresna berriak: «Azokaren irisgarritasuna (ordutegia eta kokapena), informazioaren transmisioa eta informazioa maneiatzeko erraztasuna ematea, bai ekoizleentzat eta bai azoketako dinamizatzaileentzat». Honela, teknologia berriei esker, Uztak azoketako «produktuen kudeaketa hobetu eta informazio zehatz eta eguneratua» eskaintzeko aukera emango du, ekoizleen eta kontsumitzaileen arteko komunikazioa erraztuz.
Funtzionamendua
Ekoizleek whatsapp mezu baten bidez (testua edo audioa) hurrengo azokarako prest dituzten produktuen berri emango dute. Tresna berriak datu horiek jaso eta adimen artifizialaren bidez, informazio hori automatikoki antolatu eta modu argi eta intuitibo batean aurkeztuko du. Informazio hori kontsumitzaileei iritsiko zaie, komunikazio plataforma ezberdinen bidez. Honek, «azokan dauden produktu eta berrikuntzak modu bisual batean ezagutzeko aukera ematen die kontsumitzaileei, erosketa planifikatu ahal izateko, eta bide batez, bertako ekoizleei babesa emateko».
Iñaki Mendarte ekoizleak begi onez ikusi zuen proiektu berria, zeraindarrak argi baitu, «beste perfil batengana iritsi nahi bada, beste sistema edo salmenta modu bat» probatu behar dela. Berak, adibidez, dagoeneko jarria du whatsapp denda, eta hainbat bezerok bertatik egiten dizkiote eskariak.